AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ertzaintzak Athleticeko zaleak jazarri ditu berriz

Polizia-iturriek diote bederatzi esku-hartze egin dituztela Bilbon, "zale erradikalen kontrolerako prebentziozko operazio batean". Errepresioaren kontrako animazio-greba bat martxan da une honetan.

Joan den asteburuan ere, Athleticeko jarraitzaileen kontra jo du Ertzaintzak. Atzo izan zen Athletic-Leganes partida, eta horren aurretik jazarri ditu athleticzaleak Poliziak. Herri Norte Taldeak (HNT) arratsaldean jakinarazi zuen bere sare sozialetan: "Beste behin, antolatzeagatik jazarriak eta miatuak izan gara". Eguerdian hartutako irudietan ikus daiteke Ertzaintzak nola izan zituen atxikirik hainbat taldekide Olabeaga inguruan, hormaren kontra jarrita.

Komunikabide batzuetan esan dute, polizia-iturrietan oinarrituta ziur asko, bederatzi interbentzio egin dituztela ertzainek Athletic-Leganes partidari lotuta. "Zale erradikalen kontrolerako prebentziozko operazio bat" izan zela argudiatu dute, Olabeagako esku-hartzean 80 pertsona identifikatu zituztela zehaztuz.

HNTk abenduan salatu zuen Athleticeko zaleak jasaten ari diren errepresioa: "Miaketa arbitrarioak, Poliziaren presentzia harmaila barruan, zaleen arrazoi gabeko identifikazioak" eta abar. "Aurrekaririk gabeko jazarpen-kanpaina batez" ohartarazi zuen, gogorarazita 150.000 eurotik gorako isunak jarri dizkietela hainbat zaleri 2023tik hona.

Animazio-greba, errepresio polizialaren kontra


Herri Harmailak Athletic Kluba eta bere presidente Jon Uriarte seinalatu zituen erantzule modura, eta hurrengo partidan, Villarrealen aurkakoan, animazio-greba bat hasi zuen. Errepresio polizialak bere horretan jarraitzen duela salatu du berriki, klubak interbentzio "desegokiak" egin izana onartu duen arren, berekin biltzean. Hortaz, aurrera doa greba, eta horretan jarraituko du "Zuzendaritza Batzordeak irtenbide sinesgarriak eskaini arte".

Gaur-gaurkoz, harmailako hiru bozeramaileak eta bonboen bi arduradun daude jopuntuan. Lauk dituzte zigor-espedienteak zabalik, eta bosgarrenari betoa jarri dio klubak, "justifikaziorik gabe".

"Berandu baino lehen, langile-klasean gerraren eta faxismoaren aurkako ideiak zabaldu behar ditugu"
Larunbatean jendetza mobilizatu zen Bilbon eta Iruñean, GKSk gerra-mehatxuaren eta faxismoaren kontra antolatutako manifestazioetan. Balorazio-oharra argitaratu du antolakundeak.