AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ertzaintzak berriz kargatu zuen atzo Realeko zaleen kontra

Sekulako polizia-dispositiboa ezarri zuen Ertzaintzak atzo arratsaldean, eta hainbat aldiz jo zuen Realeko zaleen aurka Reale Arena estadio inguruan.

Atzo ere Donostia (Gipuzkoa) hartu zuen Ertzaintzak, Realaren futbol-partida baten harira. Realak gaueko 21:00etan neurtu behar zituen indarrak Paris Saint-Germainekin (PSG), eta agintaritzek "arrisku handikotzat" jo zuten partida. Horren ondorioz, Reale Arena futbol-zelai inguruko 32 taberna behartu zituzten, 15:00etatik aurrera, terraza kentzera; horretaz gain, Ertzaintzaren polizia-dispositibo izugarria izan zen arratsalde osoan zehar.

Iluntzean, Reale Arena estadio inguruan bildu ziren hainbat eta hainbat zale, eta sekulakoa izan zen Poliziaren presentzia. Realaren autobusa zelaira heldu zenean, harrera beroa egin zioten taldeari zaletuek, baina euren kontra oldartu zen gero Ertzaintza. Hainbatetan kargatu zuen Poliziak realzaleen kontra, eta istiluak eragin zituen.

Horren aurretik, goizean, Realeko dozenaka zale identifikatu zituen Ertzaintzak Donostian bertan. Agintaritzek (tartean Donostiako Udalak) zein komunikabideek erabat seinalatu eta kriminalizatu zituzten pertsona horiek, zeramaten babes-materiala zela-eta, besteak beste.

Joan den otsailaren erdialdean, Realak eta PSGk Parisen zeukatenean neurketa, PSGko hamabi zale faxista atxilotu zituen Poliziak: hainbat realzaleri eraso egiteko asmoa zuten.

Karga gehiago Donostian eta Bilbon

Iragan otsailaren 27an, Realak Mallorcarekin indarrak neurtu behar zituenean, berriz oldartu zen zaleen aurka Ertzaintza. Taldeari harrera egitea galarazi zien indarrez, eta euren kontra kargatu zuen: foam jaurtigaiak erabili zituen, besteak beste. Handik bi egunera, Bilbon (Bizkaia), Athleticeko zaleei eraso zieten ertzainek: Atletico Madrilen aurkako partidaren aurretik, zaleen kontra oldartu zen Polizia, San Mames estadio inguruan. Orduan ere ikaragarria izan zen polizia-dispositiboa.

Urruñako eta Baionako sei gazte militante atxilotu ditu Poliziak
Erretreten erreformaren kontrako protestekin eta uztailaren 14an Baionan izandako mobilizazio batekin lotuta atxilotu dituzte, itxura denez.