AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ertzaintzak Donostian zauritutako bigarren emakume baten kasua ikertuko dute

Martxoaren 5ean, Reala-PSG partidaren aurretik, gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten ertzainek. Kargengatik aurkeztutako bi salaketak artxibatzea izan zen Gipuzkoako Auzitegiaren lehen erantzuna, baina berriz ireki dituzte bi kasuak.

Gaur-gaurkoz, Gipuzkoako Probintzia Auzitegian bi ikerketa daude zabalik Ertzaintzak martxoaren 5ean erabilitako indarkeriagatik. Egun horretan, Realak eta Paris Saint-Germainek (PSG) Reale Arenan indarrak neurtu aurretik, hainbatetan kargatu zuten ertzainek kalean. Gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten, eta haietako bik jarri zituzten salaketak: Amaia Zabartek eta Maria izeneko emakume batek.

Mariak martxoaren 6an bertan aurkeztu zuen salaketa, medikuaren ziurtagiri bat eskuan zuela. Poliziak begian zauritu zuen kargetako batean, pilota batekin edo beste jaurtigai batekin jota. Epaitegiak, ordea, hurrengo egunean artxibatu zuen salaketa. Erabaki horren kontrako helegite bat jarri zuen Mariaren familiak, eta badirudi hura aintzat hartu eta kasua berriz ireki dezatela agindu duela orain Gipuzkoako Auzitegiak. Kasua berriz zabaltzeaz gain, ikerketa Ertzaintza ez den polizia-indar batek egin dezala ere eskatu zuten senideek.

Amaia Zabarte ere jaurtigai batekin jota zauritu zuten ertzainek martxoaren 5ean, buruan, eta agenteetako batek ostiko bat eman zion lurrean zegoela. Berak aurkeztutako salaketa ere artxibatu egin zuen auzitegiak lehenengo, baina Mariaren kasuarekin gertatu bezala, berriz ireki dute ikerketa familiaren helegitearen ondoren. Eginbide berriak martxan dira jadanik: apirilaren 7an deklaratuko du Amaiak, eta badirudi urtarrilaren 13an ikusiko duela auzitegi-mediku batek.

Euskal Herriko gutxienez sei emakume erail dituzte 2024an, indarkeria matxista dela-eta
Donibane Lohizunen, Bilbon, Errotxapean eta Pasaian hil dituzte hiru emakume. Horretaz gain, desagertuta jarraitzen du Urruñako andre batek, eta Panamán Erandioko emakume bat erail dute hainbat gizonek.