AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ertzaintzak gutxienez hiru gazte zauritu zituen Tolosako Inauterietan

Kalean Inauteriak ospatzen ari zen jendearen kontra oldartu zen Ertzaintza Zaldunita gauean, eta gutxienez hiru pertsonari eman zieten aurpegian Poliziaren foam jaurtigaiek. Ikerketa bat martxan dela esatera mugatu da Jaurlaritza.

Ia hamar egun igaro dira Ertzaintzak Tolosan (Gipuzkoa) egindako erasotik, Inauterien ospakizun bete-betean. Eta apurka argitara atera denez, gutxienez hiru dira ertzainek Zaldunita gauean zauritutako gazteak. Berria-k atzo jakinarazi zuen hirugarren zauritu baten berri izan zuela.

Otsailaren 11 gauean, kalean zegoen jendearen aurka oldartu zen Ertzaintza, zenbait pertsonaren arteko liskarrak aitzakiatzat hartuta. Kargak izan ziren, eta Poliziak foam jaurtigaiak erabili zituen jendearen kontra. 16 urteko gazte bat begi batean jo zuen, eta larriki zauritu zuen. Atzo egin zioten ebakuntza gazteari, eta badirudi ondo joan zela; dena den, ziurra da ondorioak jasango dituela ikusmenean.

Gerora jakin da gutxienez bi pertsona gehiago zauritu zituztela ertzainek: guztiei eman zieten aurpegian foam jaurtigaiek. 16 urteko beste gazte batek, esaterako, sudur inguruan hartu zuen kolpea.

Tolosan gertatutakoa argitzeko "neurri guztiak" martxan jarri dituela esatera mugatu da Eusko Jaurlaritza. "Gardentasun guztiarekin" argitu nahi omen dituzte Inauterietako gertakariak, honezkero aski argi egon arren. Salaketa bat aurkeztu du begian zauritutako gazte villabonarraren familiak, baita hirugarren pertsona zaurituak ere, Berria-ren esanetan.

Kontrol poliziala eta gazteriaren kriminalizazioa

Tolosaldeko Kontseilu Sozialistak antolatuta, mobilizazio jendetsu bat izan zen Tolosan aurreko astearte arratsaldean, Inauterietako kargak eta jazarpena salatzeko. "Gertakari horiek jai-giroan azken urteetan areagotzen ari den kontrol polizialaren eta gazteriaren kriminalizazioaren adierazle garbiak dira", esan zuen Kontseilu Sozialistak. Ohartarazi zuen, gainera, "jendartean orokortzen" ari dela "polizia-indarrek kaleak hartzeko eta kontrol-mekanismoak ezartzeko joera", "segurtasuna" aitzakiatzat hartuta.

Marka historiko guztiak hautsi ditu Laboral Kutxak ere: 222 milioi euro 2023an
Aurreko urtean baino %48 gehiago irabazi zuen Laboral Kutxak 2023an. Espainiako Estatuko banketxe nagusiek inoizko emaitzarik onenak lortu dituzte.