AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ertzaintzaren jarrera errepresiboa salatu dute Legazpin, larunbateko gertakarien harira

Legazpiko parke batean zeuden gazteen aurka oldartu zen Ertzaintza larunbatean, eta 19 urteko gazte bat eraman zuen atxilo. Gaur elkarretaratzea egin dute hainbat eta hainbat bizilagunek, poliziaren gehiegikeria salatzeko. "Zipaioek orokorrean, eta bereziki gazteengan, betetzen duten jardun errepresiboa" gaitzetsi du Legazpiko Gazte Asanbladak, baita horretarako daukaten "inpunitate osoa" gaitzetsi ere.

Larunbat gauean Legazpiko (Gipuzkoa) Agirre-Etxeberri parkean zeuden gazteen aurka jo zuen Ertzaintzak. Legazpiko Gazte Asanbladak jakinarazi duenez, "jarrera erasokorrarekin mehatxuz" aritu ostean, beste lau patruila agertu ziren. "Parkea indarrez okupatu", "gazteei eraso egin" eta 19 urteko gazte bat atxilotu zuten polizia-agenteek, "biolentzia osoz".

Ertzainen arabera, atxiloketaren arrazoia izan zen gazteak identifikatua izateko agindua ez onartu izana eta kale-zurrutean aritu izana. Atxilotuak Bergarako (Gipuzkoa) polizia-etxean pasatu behar izan zuen gaua, "autoritatearen kontrako erasoa" leporatuta. Lekukoek azaldu dute, dena dela, poliziak neurriz kanpoko indarkeriarekin jardun zuela gau horretan, eta gertatzen ari zena bideoan jasotzen ari zirenen aurka ere egin zutela ertzainek.

"Pandemia aitzakia hartuta zipaioek Legazpiko herria okupatzeko eta gazteak jazartzeko erakutsi duten obsesioa" salatu du Legazpiko Gazte Asanbladak. "Ohikoa duten nagusikeriak indarkeria neurri gabe erabiltzera bideratzen ditu, aurrean duten edozein zapaltzeko legitimitatea dutelakoan", esan dute gazteek.

"Zipaioek orokorrean, eta bereziki gazteengan, betetzen duten jardun errepresiboa" seinalatu dute gazte asanbladako kideek, baita horretarako daukaten "inpunitate osoa" ere. Horren guztiaren erantzuletzat jo dituzte, gainera, "kontrol sozialerako gorputz poliziala beharrezkoa duten instituzio politikoak", baita "gazteak kriminalizatuta horrelako jokabideak justifikatzen dituzten herritar horiek ere".

Ertzainen jarrera errepresiboa salatzeko protesta bat izan da Legazpin gaur bertan. Larunbatean gertatutakoa zein pandemia egoeraren aitzakiapean areagotzen ari diren polizia-jazarpen kasuak gaitzetsi dituzte bertaratutakoek.

Lanpostuak galtzeko arriskuan daude Deustuko Ikastolako jangelako langileak, eta mobilizaziora joko dute bihar
Deustuko Ikastolako (Bilbo, Bizkaia) langileek ohar bidez adierazi dutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saila jangelaren kudeaketaren arduradun egin ezean, kaleratze egoeran egongo lirateke guztiak, eta Ikastolan bertan jateko aukera galduko lukete 374 ikaslek. Bi mobilizazio egingo dituzte bihar.