AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Escalerillaseko bizilagunentzat bizitoki-aterabide bat exijitu dute berriz Trintxerpen

Elkartasun Egun bat izan zen larunbatean, bizilagunek eta Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak antolatuta. Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak aurrera jarraitzen dute Escalerillas blokea eraisteko eta hamabi familia etxegabetzeko asmoekin.

Aurreko larunbatean, apirilaren 20an, Escalerillas blokeko bizilagunei babesa emateko Elkartasun Egun bat izan zen Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa). Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuaren eskutik, egun osoko egitarau bat prestatu zuten, aldarri argi bat egiteko eta plazaratzeko: bizitoki-aterabide bat Escalerillaseko bizilagun guztientzat.

Trintxerpeko Gudarien Plazan egin zuten Elkartasun Eguna: haurrentzat jokoak, protesta-kazerolada bat, bazkari bat eta musika emanaldi bat izan ziren. "Instituzioen fartsaren aurrean, eta etxebizitza merkantzia gisa ulertzen duten enpresari eta politikarien aurrean, kalitatezko etxebizitza doakoa eta unibertsala zein etxegabetze guztien suspentsioa aldarrikatzen jarraituko dugu", adierazi zuen Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuak egunaren amaieran.

Hamabi familia arriskuan

Merkantziak garraiatzeko trenbide bat eraikitzeko planaren barruan, Escalerillas etxebizitza-blokea eraitsi eta bertan bizi diren pertsonak etxegabetu nahi dituzte Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak. Guztira, hamabi familia daude kaleratuak izateko arriskuan, eta erantzuleek ez diete oraingoz inolako bizitoki-alternatibarik bermatu.

Bizilagunek azaldu dutenez, duela 60 bat urtetik da euren bizilekua Escalerillas: "Gure senideak portuko langileak zirela eta, 60ko hamarkadan iritsi ginen bloke honetara". Duela zenbait urte jakin zuten Pasaiako Portua "Biziberritzeko" Plan Orokor bat jarriko zela martxan, baina prentsaren bidez izan zuten horren berri.

Bizilagunek joan den otsailean azaldu zuten mezu bat helarazi ziela orduan Pasaiako Portuak, esanez lau hilabeteko epean euren etxeetatik alde egin beharko dutela. "Gutxi batzuei miseriazko indemnizazioak eskaintzen dizkiete, gutako gehienoi, ordea, kale gorria besterik ez", salatu zuten. Hala, borrokari ekin zioten, bizitoki-alternatiba bat exijitzeko.

Almeriako nabe bati su eman zioten otsailean lehen sektoreko hainbat enpresarik, 25 langile barruan zirela
Lehen sektoreko protesten barruan eraso zieten El Ejidoko lantegi bateko beharginei; gehienak, migratutako pertsonak. Orain atxilotu dituzte bederatzi erasotzaileak.