Espainiako Estatuaren Segurtasun Nazionalerako Estrategian "desinformazio kanpainak" kontuan hartuko dira aurrerantzean. Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) berriki argitaratu dutenez, "eguneraketa nagusia" litzateke ustezko desinformazio kanpainak "arriskuen mapan" kokatzea. "Zenbait herrialdetan, krisi ekonomikoarekin batera, krisi sozial eta politikoa garatu da, erakundeak higatzea, prozesu demokratikoetan eragitea edota polarizazioa bultzatzea helburu duten desinformazio eta desegonkortze kanpainek bultzatuta", azaldu dute BOEn.
Ustezko desinformazio kanpainek "segurtasun nazionalean eragin argia" dutelakoan dago Espainiako Estatua; "informazio faltsuen –fake news– edo informazio okerren –misinformation– kasuan ez bezala", gehitu du. Areago, "desinformazio kanpainek ez dute nahitaez albiste faltsurik jasotzen; aitzitik, manipulatutako edukiaren bidez errealitatea desitxuratu nahi dute", deritzo BOEko analisiak. Interpretazio horren arabera, jarduera komunikatibo batek "Espainiako segurtasun nazionala" urratzen badu, Espainiako Estatuak haren aurkako neurriak har ditzake, zabaldutako mezuak egia adierazi arren.
Ezaugarriak
Halaber, "hauteskunde prozesuen aurkako mehatxu larria" izan daitezkeela aurreikusten dute Espainiako Estatuko defentsa adituek. Izatez, kanpo-faktoreei egozten diete erakundeenganako atxikimendua murriztearen fenomenoa: "Estatuko zein Estatuaz gaindiko eragileen estrategiek propaganda-aparatuak garatzen dituzte, gizartea polarizatzeko eta erakundeenganako konfiantza txikitzeko asmoz".
Estrategia hibridoak
Aipatutako praktika "hibridoak" definitzeko orduan, honela dio BOEk: "Zaila da estrategia horiei egiletza egoztea, eta ohiko ekintzez gain, desinformazio kanpainak, zibererasoak, espioitza, gizarte-subertsioa, sabotajea, hertsapen ekonomikoa nahiz baliabide militar asimetrikoak ere baliatzen dira".
Erradikalismoa
Doktrina aldaketa
Hori guztia "Europar Batasuneko jarraibideen ildotik" egingo dela zehaztu dute, gainera. Aferaren gakoak izanen dira, besteak beste, "komunikabideekin eta sare sozialen hornitzaileekin lankidetza publiko-pribatua", nahiz "herritarren sentsibilizazioa".