Espainiako Estatuko Barne Ministerioak "pertsonen eta komunikazioen kontrol masiboak" aktibatu ditu NATOren goi-bilerarako
Polizien zein militarren artean, 35.000 agente inguru mobilizatuko dituzte ekainaren 29tik 30era Madrilen izango den NATOren goi-bilera dela-eta. Urte hasieratik prest dagoen protokoloak "pertsona susmagarrien jarraipen masiboak", "komunikazioetan esku-hartzeak", "kontrazaintzak", "protesten kontrola" edota "aire-bazterketako eremua" aurreikusten ditu, besteak beste. "Jihadismoa, ezker muturra eta Errusiaren sabotajeak" identifikatu dituzte Aliantza Atlantikoaren gailurraren aurkako mehatxu nagusitzat. Horren aurrean, 2.180.000 eurotik gora bideratu ditu Espainiako Estatuak, hiriburua "gotorleku bilakatzeko".
Mundu osoan oihartzuna izanen duen egitasmoa "normaltasun osoz" gauzatzea da Espainiako Estatuaren eta bere aliatuen helburua. Antolatzaileek goi-bileraren garrantzia azpimarratu dute: "Madril mundu librearen hiriburu izango da 48 orduz". Gainera, testuingurua bereziki nahasia da Aliantza Atlantikoarentzat zein Espainiako Estatuarentzat, Ukrainako gerrak eta Pegasus auziak foku mediatikoa NATOren eta Espainiako inteligentzia-zerbitzuen gainean jarri duten honetan.
"Mehatxu hirukoitza"
Egoera hauskor horren erdian, hiru mehatxu nagusi identifikatu ditu Espainiako Estatuko Barne Ministerioak: "jihadismoa", "talde antisistema bortitzak" eta "potentzia atzerritarrak"; hots, "atentatuak, protestak eta sabotajeak jasateko aukera". Horren aurrean, Barne zein Defentsa ministerioek ezohiko baliabideak jarri dituzte martxan, "lurreko segurtasun klasikoa" deritzonaz harago.
Batetik, CNIren "bihotz teknologikoak", Espainiako Zentro Kriptologikoak (CCN), "espioitza-sareak neutralizatzeko kontrainteligentzia-bilaketak" aktibatu ditu. Bestetik, Espainiako Poliziaren eta Guardia Zibilaren informazio-zerbitzuen ikerketek "mugimendu antisistemen deialdiak" monitorizatuko dituzte. Azkenik, "aire-espazioaren blindatzea" bermatzeko lanetan ere ari dira, drone gailuen erasoen aurka.
Aire-bazterketa eremua
Segurtasun Nazionaleko Departamentuak Madrilgo Erkidegoaren zati handi baten eta probintzia mugakideen gainean "aire-bazterketako eremu bat" osatzeko asmoa azaldu zuen, "murrizketak urratzen dituen edozein aireontzi eraisteko baimena izateko". Ukrainako gerraren hasieraz geroztik, Grande-Marlaskaren eta Roblesen —Defentsa ministroa— sailetako arduradunen arteko koordinazio-bileretako txosten ugaritan agertzen da drone bidezko erasoak jasateko beldurra.
Gauzak horrela, Espainiako Estatua eta Aliantza Atlantikoko kideak Awacs radar hegazkin berezia mobilizatzea aztertzen ari dira. Nolanahi ere, gailurrak iraungo dituen bi egunetan Torrejon de Ardozeko aire-baseko ia 30 ehiza-hegazkin "etengabeko alerta egoeran" egongo dira. Defentsak Lurreko Armadako Airearen Aurkako Artilleriaren Aginteko unitateak ere mobilizatu nahi ditu, "aireko mehatxuen" aurkako planaren barruan.
Lurreko kontrol klasikoa
Lurrazalaren kontrolerako hedapen polizial klasikoaz, bestalde, Espainiako Polizia arduratuko da gehienbat. 13.000 agente mobilizatuko ditu Espainiako Estatuko hiriburura, bertan dauden ohiko 12.000 poliziez gain. Errefortzuen artean, 3.000 agente Istiluen Aurkako Unitatekoak (UIP) izanen dira.
Aurrez ikertzen
in AKTUALITATEA