AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Espainiako Estatuko hamar kontratutik zortzi aldi baterakoak ziren abenduan

Lanaldi osoko kontratu finkoak ez ziren hamarretik laura iritsi. 464.152 kontratu mugagaberen barruan, lanaldi osokoak %38,56 baino ez ziren izan. Kontratuen %11 izan ziren Euskal Autonomia Erkidegoan.

PSOEren eta Unidas Podemosen koalizio-gobernuaren aldekoek langabeziaren zifra nominalak 2007 aurreko zifretara itzuli direla azpimarratzen dute. Ordea, emaitza horiek ez dute adierazten lan-merkatuak modu egonkorrean lan-indar gehiago xurgatzeko gaitasuna duenik. Kontrara, inflazioaren ondoriozko lan-kostuen murrizketa eta merkatu beraren kontratazio eta kaleratze zikloen bizkortzea adierazten dituzte. Gainera, kontratazioa ez da igotzen ari: aldi baterako kontratuak zein mugagabeak batuta, 18.310.343 kontratu zenbatu zituen Espainiako Lan Ministerioak 2022an, 2021ean baino %5,5 gutxiago eta 2019ko zifraren %18,7 azpitik.
Hego Euskal Herrian

Abenduan 57.989 kontratu sinatu ziren Euskal Autonomia Erkidegoan. Horien %21,29 baino ez ziren mugagabeak, 12.345 inguru. 2022an, guztira, 199.995 kontratu mugagabe sinatu ziren EAEn, eta hemen ere lan-erreformaren moldaketa formalak autoengainurako tartea uzten du: 2021ean baino %148,3 gehiago izan zirela diosku Espainiako Lan Ministerioak. Ordea, gogora ekarri behar da lanaldi osoko kontratu mugagabeen multzoak %11koa izaten jarraitzen duela EAEn, eta finko ez-jarraiak ere mugagabeen barruan kokatzen direla.

Nafarroan 22.555 kontratu berri sinatu ziren, eta horien artean 4.331 baino ez ziren mugagabeak izan. Hori gutxi balitz, abenduan kontratazioa %7,74 jaitsi zen (1.866 kontratu gutxiago); eta beste% 22,82 gutxiago, berriz, iazko abenduarekin alderatuta (6.582 kontratu gutxiago).

Langabezia

Azaroan baino 205 langabe gehiagorekin itxi du 2022. urtea Hego Euskal Herriak; datu kaxkarra, abenduan enpleguak gora egin ohi duela ikusita. Guztira, 142.408 pertsona izan dira langabezian. Langabezia tasa %10,4koa da, Europar Batasuneko azken datuak baino lau puntu eta erdi handiagoa.

Emakume bat larri zauritu du semeak Tuteran
Atzo gauean eraso zion andreari 27 urteko semeak, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean ospitaleratu behar izan dute.