AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Espainiako eta Frantziako armadak soldadu sionistekin parte hartzen ari dira ariketa militar batean

Grezian 'Iniochos 25' maniobra militarrak egiten ari dira hainbat indar aliatu; tartean, Espainiako, Frantziako eta Israelgo estatuetakoak.

Beste urte batez, Grezian elkartu dira hainbat herrialde aliatutako aire-indar militarrak, Iniochos 25 izeneko maniobretan besoz beso parte hartzeko. Greziako Aire-Indarrak (HAF) antolatzen du ariketa militar hori, eta hainbat kide estrategikotako indar militarrak batzen dira bertan, gerra-hegazkinak Greziara bideratuta. Martxoaren 24an hasi zituzten maniobrak eta apirilaren 13ra arte luzatuko dira, eta hiru fasetan banatuta dago ariketa: "indarra hedatzea, gauzatzea eta atzera-egitea".

Espainiako eta Frantziako estatuak parte hartzen ari dira hitzorduan, beste hamaika herrialderen eskutik; hala nola Israelgo Estatua, Amerikako Estatu Batuak, Italia, India, Polonia, Eslovenia, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar. Badirudi, urte honetan, markak hautsi dituela aire-taktikak lantzeko ariketa internazionaleko parte-hartzeak. Besteak beste HAFen aire-baliabideak erabiltzen ari dira maniobretan, "eszenatoki taktiko errealistak" irudikatuz, infodefensa.com atariaren arabera.

Espainiako Estatuak, zehazki, hirugarren urtez jarraian bidali ditu Greziara bere Aire- eta Espazio-Armadako F-18 gerra-hegazkinak. Bere garaian AEBei erosi ostean, gaur egun Gandoko (Kanaria Handia) basean erabiltzen dituzte aire-ontzi horiek, eta badirudi laster erretiratuko dituztela. Horiek ordezkatzeko, baina, 20 Eurofighter hegazkin erosi zituen 2023an Espainiako Estatuak. 2026an egongo omen dira erabilgarri.

Maiatzaren 17an Iruñean manifestatzera deitu dute, sionistekin harreman oro etetearen alde
Nakba Egunaren 77. urteurrenean mobilizatzeko deia egin du Palestinarekin Elkartasunak, berriz ere Palestinaren askapena eta Israelgo Estatuaren desegitea aldarrikatzeko.