AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Espainiako Polizia altzairuzko borra hedagarriak erabiltzen hasiko da

25.539 "defentsa" erosi ditu Espainiako Barne Ministerioak, besteak beste, istiluen aurkako polizia-unitateentzako. Sindikatu polizialen kexuen erdian iritsi da neurria, sektoreok aspalditik eskatzen duten eskakizuna asebetez. Metro erdi baino gehiagoko luzeera izan dezakeen armak "disuasio-efektu psikologikoa" duela ziurtatzen dute, "zabaltzean egiten duen zaratarengatik".

Espainiako Poliziak altzairuzko 25.539 borra hedagarri eskuratuko ditu datozen hilabeteetan. Poliziaren Zuzendaritza Orokorra agenteei prestakuntza eskaintzen hasi da dagoeneko, "makil polizial luzagarriak" erabili ahal izateko. Poliziak berak zehazten duenez, arma berriak ohiko borrak ordezkatuko ditu. Aipatutako materiala "Hiritar Segurtasuna" deituriko adarrean zein istiluen aurkako unitateetan banatuko da.

Poliziaren barruko presio-taldeen kexuen harira hartu du erabakia Espainiako Gobernuak. PSOEk eta Unidas Podemosek zenbait aldaketa txertatu nahi dituzte Herritarren Segurtasunerako Legea deiturikoan, efektu jakin batzuk arindu asmoz. Emendakinak, sindikatu polizialen aburuz, "istiluen aurkako materialaren erabilera mugatuko du".

Halaxe adierazi zuten milaka agentek berriki Madrilen egindako manifestazioan, Espainiako Kongresuan aztertuko den lege-proposamenak halakorik zehazten ez duen arren. Dena den, PSOEk eta Unidas Podemosek aurretiaz hartu dituzte poliziaren barruan piztu den haserrea baretzeko neurriak, sindikatu polizialek aspalditik eskatzen dituzten altzairuzko borra luzagarriak erosiz.

Arma berrien ezaugarriei dagokienez, itxita daudenean 26 zentimetroko luzeera izango omen dute; eta zabaltzean, aldiz, metro erdirainokoa. Espainiako Barne Ministerioaren txosten teknikoen arabera, "disuasio-efektu psikologikoa" dute borra berriek, "zabaltzerakoan egiten duten zaratarengatik".

"Osasun krisiaren aterkipean, osasun neurritik gutxi eta autoritariotik asko duten neurriak hartu dira"
Iluntzean ehunka lagun batu dira Iruñeko Sarasate pasealekuan, 'Covid ziurtagiriari ez! Ez da osasun neurri bat, kontrol soziala da' aldarri hartuta. "Osasun sistemarako baliabideak falta diren bitartean, kontrol sozialerako neurriak hartzen ari dira", esan dute Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eta GKSk: "Kontrol neurri horiei aurre egiten ez badiegu, ez dira geldituko. Martxan dagoen proletarizazioaren aurka antolatzen ez bagara, ezingo dugu biziraun".