AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Espazioa husteko dataren zain" dago Errotxapeako Gaztetxea

Urtarrilaren 11n izan zen Errotxapeako Gaztetxearen aurkako epaiketa. Ebazpenaren berri eman dute jada gaztetxeko kideek: sententziak barne hartzen ditu, batetik, auzipetutako hiru kideek ordaindu beharreko kostuen zenbatekoa eta, bestetik, espazioaren hustea.

Joan den urtarrilaren 11n ehunka pertsona bildu ziren Iruñeko (Nafarroa) Justizia Jauregiaren aurrean, Errotxapeako Gaztetxeko (Iruñerria, Nafarroa) hiru kideri epaiketa egiten zieten bitartean. Ohartarazi zuten latzak izan zitezkeela auzibide horren ondorioak; besteak beste, gaztetxearen desalojoa eta 40.000 eurora arteko kostu judizialen ordainketa.

Gaztetxeko kideek salatu zuten hiru auzipetuei "defentsarako eskubidea urratu" zietela epaiketan; izan ere, onartuta zeuden froga eta testigantza guztiak ukatu zizkien epaileak.

Aurreko asteburuan jakinarazi zutenez, esku artean dute jada epaia, eta espazioaren desalojoa nahiz epaituek ordaindu beharreko kostuen zenbatekoa jasotzen ditu ebazpenak. Hortaz, oraindik data zehatzik helarazi ez badiete ere, Errotxapeako Gaztetxea husteko agindu du epaileak. "Prozesu judiziala itxita dago eta espazioa husteko dataren zain gaude", azaldu dute gaztetxeko kideek.

Adierazi dute, bestalde, "kontrako aldearekin hasitako negoziazio-prozesu baten ondoren", lortu dutela kostuengatik ordaindu beharreko zenbatekoa "murrizteko akordio bat".

Ikerlari doktoregaiek "lan-baldintza duinak" aldarrikatuko dituzte bihar Ibaetako campusean
Euskal Herriko Doktoregaien Asanbladak mobilizatzera deitu du biharko. "Lan-baldintza duinak" galdegingo dituzte Ibaetako Aulariopean, eta sei aldarrikapen zehatz mahaigaineratu dituzte; besteak beste, ikerlari doktoregaiak UPV-EHUko lan-hitzarmenaren parte izatea eta doktoregotzari lotutako matrikulen eta tasen doakotasuna. "Goi-mailako formakuntza zein ikerkuntzak, aukera unibertsal behar luke, baina geroz eta jende gutxiagoren esku dagoen aukera da", salatu dute doktoregaiek.