AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Estatu sionistarekin harreman militarrak eten daitezela exijitu dute Donostian

Realak jokatu aurretik elkarretaratze bat egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, Reale Arenatik gertu. Batez ere, klubeko presidente Jokin Aperribayk armagintzarekin duen harremana salatu dute. Partidan ere presente dira aldarriak.

Iluntzean, 19:30ean hasita, protesta bat izan da Donostiako (Gipuzkoa) Armerias Plazan, Palestinaren alde. Palestinarekin Elkartasuna plataformak egin du deialdia, Israelgo Estatu terroristarekin harremanak moztera deitzeko egiten ari den kanpaina zabalaren barruan. Gaurkoan, harreman militarretan jarri du fokua.

Realaren partida 21:00etan zen hastekoa Reale Arenan, eta, hain justu, horren aurretik egin dute elkarretaratzea handik hurbil. Batez ere, Realeko presidente Jokin Aperribayk arma-industriarekin daukan lotura seinalatu dute protestan, SAPA Placencia arma-enpresako zuzendaria baita debarra. Egoitza nagusia Andoainen (Gipuzkoa) duen enpresa horrek, besteren artean, sionisten hegazkinen eta Leopard tankeen ekoizpenean parte hartzen du. Gainera, hartu-eman zuzena dauka AEBetako Armadarekin, hura izan arren Israelgo Estatuak daukan aliatu nagusietakoa.

SAPA Placencia eta Aperribay jomugan jartzeaz gain, Palestinarekin Elkartasunak gogorarazi du asko direla Euskal Herrian sionistekin negozioak dituzten enpresak. Horren adibide dira ITP Aero edo CAF. Plataformak beharrezkotzat jo du "Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian uztea", eta horretarako mobilizatzen jarraituko du.

Aldarriak Reale Arenan

Gero, gaueko partidan, presente egon da sionistekin harremanak mozteko aldarria. Hiru pankarta erraldoi bota dituzte estadioan, mezu argi bat zabaltzeko: "Israelekin harremanak eten". Norgehiagoka hasi aurretik, gainera, Palestinaren banderak banatzen ibili da jendea zelaiko ate guztietan. Partiduaren 5. minutuan bandera horiek ateratzera animatu dituzte, eta hala egin du ikusle andanak, Palestinarekin elkartasunez.

Otsailaren 7an, Gasteizera

Horri lotuta, otsailaren 7an Gasteizen (Araba) izango da hitzordu garrantzitsu bat. Maccabi Tel Avivek egun horretan jokatuko du Baskoniaren aurka, baina partida bertan behera gera dadila exijitzen ari da jende andana: exijentzia hori egiteko manifestu bat sinatu dute 40 saskibaloi taldek eta klubek, kirol munduko ia 100 pertsona ezagunek eta Arabako 65 kolektibok.

Emakume batek Bizkaian jasandako sexu-esplotazioa atera da argitara
Iruzur egin eta Paraguaitik etortzera bultzatu ostean, emakume bat sexualki esplotatu zuen bere lagun batek, gutxienez sei hilabetez.