AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Etxea partekatu behar izateagatik, Lanbidek oinarrizko laguntza kendu dio Santurtziko pertsona bati

"Ezintasun Iraunkor Osoa" dela-eta, pentsio bat onartu zioten duela hainbat urte, bere egoera "Pertsona Bakarreko Salbuespenezko Bizikidetza-Unitatetzat" jota. Etxea partekatu behar izan duenez, administrazioak ebatzi du "harreman sentimental" bat duela pisukidearekin, eta dirulaguntza kendu dio.

Santurtziko (Bizkaia) pertsona batek aste honetan jakinarazi du Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren partetik jasandakoa. Izan ere, 2024ko urrian emandako ebazpen baten bidez, administrazioak Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) kendu dio emakumeari, desgaitasun-egoera batean egon arren. Horretarako arrazoia izan da pisua partekatzen hasi behar izan duela: Lanbideren irizpide burokratikoen arabera, dirulaguntza kentzea dakar horrek.

Kaltetuak gutun batean azaldu duenez, duela zenbait urte aitortu zizkioten pairatzen duen "Ezintasun Iraunkor Osoa" eta horren ondoriozko pentsioa, administrazioak "Pertsona Bakarreko Salbuespenezko Unitate" izendatzen duena osatu baitu emakumeak denbora luzez. Hain zuzen ere, DSBE izan da eman dioten oinarrizko dirulaguntza. Hala ere, azkenean, ez daukanez aukerarik alokairu bat berak bakarrik ordaintzeko, pisua partekatzera behartuta ikusi du bere burua. Horregatik bakarrik, prestazioa kendu dio Lanbidek: ebatzi du "harreman sentimental" bat duela bere pisukidearekin, eta, ondorioz, jadanik ez dela "Pertsona Bakarreko Salbuespenezko Unitate" bat eta ez duela dirulaguntza behar. Inplizituki, bere "bikotekideari" egozten dio emakumearen mantenua.

Diru-sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko Euskal Sistemaren parte den 14/2022 Legeak ondokoa dio, kaltetuaren esanetan: "Aldi jakin batean beste pertsona batekin etxebizitza partekatze hutsagatik, pertsona hori eta ni 'bikote sentimentala' gara". Horiek horrela, administrazioak eskatu zion froga zezala ez direla bikote, DSBE mantendu nahi bazuen. Ecuador Etxea komunikabideak jaso duenez, ordea, zalantzan dago horrek izan dezakeen oinarria. "Ezin da norbait behartu harreman sentimentalik ez duela frogatzera. Hori juridikoki zentzugabea da", adierazi du zuzenbide administratiboan aditua den abokatu batek.

21 urte Angel Berruetaren erailketatik
Polizia batek eta bere semeak 2004an hil zuten Donibanen, uko egin ziolako M11ko atentatua ETAri leporatzen zion kartel bat jartzeari. Poliziak 2008ra arte mantendu zuen bere postua.