AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatu dute 150.000 lagunek Madrilen

Errentatzaileen negozio-interesak eta haiek defendatzen dituzten alderdi politikoak seinalatu zituzten atzoko manifestazioan. Podemosen blokeari txistu egin zioten, errentatzaileen interesak babesteagatik. Gaur, etxegabetze bat izaten ari da Madrilen bertan, Carabanchelen.

Atzo, urriaren 13an, mobilizazio erraldoi bat egin zuten Madrilen, etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzeko. Madrilgo Etxebizitza Mugimenduak 11:30erako deitu zuen bloke batera Murillo Plazan, ondoko leloekin: Etxebizitza, bertan bizi denarentzat. Errentatzaileek bizia lapurtzen digute. Gobernuek haiek defendatzen dituzte.

Madrilgo kolektibo ugari batu ziren deialdira, hala nola: Villalbako Etxebizitza Asanblada, Carabancheleko Etxebizitza Sindikatua, Mostolesko Kaleratzeak Stop, Moratalazko Auzo Sindikatua, Hortalezako Auzo Sindikatua, PAVPS, Tetuango Etxebizitza Antolakundea, Maizterren Sindikatua, Getafeko Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma, Parlako Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma, Alcorconeko Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma, Vicalvaroko Kaleratzeak Stop, Vallekaseko Hipotekak Kaltetutakoen Plataforma eta Tetuango Etxebizitza Sindikatua.

Etxebizitza Mugimenduaren blokean errentismoa salatu zuten, baita langireriaren miseriaren kontura negozioa egiten ari diren "etxejabeak eta espekulatzaileak babesten dituzten gobernuak" ere. Horren isla modura, Madrilgo udaletxean Politikariak errudunak zioen pankarta handi bat eskegi zuten mobilizazioan zehar.

Txistuak alderdi parlamentarioei

Manifestazioan zehar, oso presente egon zen alderdi politiko parlamentarioen kontrako salaketa, errentatzaileen interesen defendatzaile modura seinalatu baitzituzten. Podemos eta Más Madrid/Sumar alderdiek, adibidez, hipokrisia osoz parte hartu zuten mobilizazioan.

Dena den, alderdi ezkertiarren izaera kolaborazionista salatu zuen, besteak beste, bertan zegoen gazteria komunistak. Ondotik igarotzean, txistu egin zioten Podemosen blokeari, eta "Lotsa!" oihukatu zioten. Gazteek gogorarazi zuten Podemosek jarrera erabat kolaboratzailea izan duela etxebizitzaren negozioarekin, esate baterako, azken Etxebizitza Legearekin.

Gaur, etxegabetze bat Carabanchelen

Atzoko mobilizazio handiaren ostean, baina, etxegabetze bat zegoen ezarrita gaur goizerako, Madrilen bertan: Ana María izeneko emakume bat eta bere familia bota nahi dituzte gaur euren etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu zuen Carabancheleko Etxebizitza Sindikatuak, eta goizetik bertaratu dira hainbat pertsona San Isidroko Bide Garaira, etxegabetzea geratzeko asmoz. 11:00etarako, 100 lagun inguru zeuden bertan.

Etxebizitza Sindikatu horrek goizeko 07:30ak aldera jakinarazi du polizia-indarrek erabat militarizatuta zeukatela ingurua. Salatu du Polizia hori gobernuko alderdiek bidali dutela; atzoko manifestazio handian parte hartu zuten eta "euren Etxebizitza Legearen kea saltzen duten" alderdi horiek berek, hain zuzen ere. "Politikari profesionalen eta orotariko espekulatzaileen kontra, gu geu gara geratzen zaigun alternatiba bakarra", esan du sindikatuak.

Emakume bat bortxatu dute asteburuan Erandion
Sonora diskotekatik gertu aurkitu zuten larunbat goizean, arropa kenduta. Ez du goizaldeko 03:00etatik aurrera gertatutako ezer oroitzen.