AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan dauden ehunka familiak mobilizazioak deitu dituzte aste honetarako, Donostian eta Iruñean

Tokian tokiko instituzioek funts putreekin izandako elkarrizketek eta akordioek ez dute familien egoera konpondu, eta oraindik, ehunka dira etxegabetze arriskuan daudenak. Aste honetan mobilizazioak egingo dituzte Iruñean zein Donostian.

Duela hilabete salatutako egoerak bere horretan jarraitzen du Donostian (Gipuzkoa) eta Iruñean (Nafarroa): etxebizitzarik gabe geratzeko arriskuan jarraitzen dute ehunka familiak, Azora eta Testa Socimi-Blackstone funts putreek babes ofizialeko hainbat bloke erosi ostean.

Tokian tokiko instituzioek elkarrizketei ekin diete funtsekin, baina familiek salatu dute horrek ez duela egoera konpondu. Esaterako, akordioa lortu dute Nafarroako Gobernuak eta Testak; hitzarmenak, ordea, abendura arte babes ofizialekoak ziren 390 etxebizitzen alokairuak igotzea barnebiltzen du.

Hala, kaleratze arriskuan dauden sendiek mobilizazioak deitu dituzte aste honetarako, Donostian zein Iruñean. Gipuzkoako hiriburuan larunbatean izango da manifestazioa, Inmobiliaria Vascongadaren aurrean. Nafarroako hiriburuan, aldiz, ostegunean elkartuko dira Diputazioaren aurrean, 12:00etan.

Hilabete borrokan

Otsailaren hasieran eman zuten egoera zehatzaren berri kaltetutako familiek. Donostiaren kasuan, Azora funtsak Ategorrieta, Amara Zaharra eta Gros auzoetako etxebizitza batzuk bereganatu zituen. Guztira, 300 familia jarri ditu arriskuan.

Iruñean, ordea, Testa Socimi-Blackstone da ariketa berdina egin eta Errotxapea, Buztintxuri eta Ezkaba auzoetako bloke batzuk erosi dituena. Nafarroan ere babes ofizialeko etxebizitzak dira enpresa eraikitzaileei erositakoak, "merkatu askean" sartzeko helburu argiarekin. Momentuz, gutxienez 160 dira Iruñean arrisku egoeran aurkitzen diren familiak.

Horrenbestez, guztira, ia 500 dira kaleratuak izateko jopuntuan dauden sendiak, eta iragarri legez, mobilizazioekin hasiko dira bi hirietan.

"Proletarizazio testuinguruaren urgentziak ikasle langileon baldintza ekonomikoak lehen lerroan kokatzera behartzen gaitu"
Herri Unibertsitate Nazionalean jarri dugu hitzordua Ikasle Abertzaleakeko Martin Goitiandiarekin eta Herrialde Katalanetako SEPC ikasle sindikatuko Cesar Chaparro. "Sindikalgintza eredu berrien" inguruan hitz egiteko abagunea ireki du Herri Unibertsitateak, eta bertan izan da SEPC ere. Aukera paregabea ikas baldintzen aldeko borrokek tokian toki ireki dituzten borroka dinamikak aztertzeko, zein krisi testuinguruak biziagotu duen beharrezkotasunari buruz jarduteko. Tartean, hizpide izan ditugu Herrialde Katalanetako ikasleek abiatutako Herri Ekimen Legegilea eta Ikasle Abertzaleakek martxoaren 26rako deitu duen ikasle greba.