AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Etxegabetzeen Aurkako Sarea sortu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak

Etxe kaleratzeak "eguneroko ogia" direla eta pobretze orokortuaren testuinguruan etxebizitzaren auzia larriagotzen ari dela azaldu dute Iruñerriko Kontseilu Sozialistako kideek. Arazo horri erantzuteko bidean lan egiteko sortu du Etxegabetzeen Aurkako Sarea, eta sostengua, aholkularitza juridikoa zein mobilizazioa eta salaketa izango ditu antolatuta.

Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak sare sozialetan argitaratutako adierazpenak dioenez, "2008ko krisiaz geroztik, gaurkotasun handikoa izaten jarraitzen du" etxegabetzeen auziak, baina, "mediatikoki, izan zenaren itzala besterik ez da egun". Azpimarratu du etxegabetzeak ez direla inolaz ere eten, eta "kalitatezko etxebizitza" bat izateko ezintasunaren "etengabeko mehatxuaren" parte direla.

Horretaz gain, bizitzaren garestitze orokorrari egin diote azpimarra Kontseilu Sozialistako kideek. Salatu dute prozesu horrek are gehiago zailtzen duela etxebizitzaren kostuei aurre egin ahal izatea, eta ondorioz, etxegabetze motaren bat jasateko aukera areagotzen duela. Horri Espainiako Estatu mailako neurrien eraginkortasun falta eta etxegabetzeei lotutako neurri horien lausotasuna gehitu behar zaizkiola diote.

Borrokarako tresna bat

Etxegabetze bakoitza "langile klase osoaren aurkako eraso bat" dela uste du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, eta hala, Etxegabetzeen Aurkako Sare bat martxan jartzea erabaki du. Helburu nagusia etxegabetzeen auziari aurre egitea litzateke, "egiturazko kausak adierazita" eta "arazoaren parte diren agenteak seinalatuta", baita "gure etxebizitzak defendatzeko gaitasunak areagotzeko" bidean lan eginda ere.

Sareak hasieran izango dituen lan zehatzei dagokienez, babes juridikoa eta sostengua emateko asmoa du. Aldi berean, "mobilizatzen eta bidegabekeria horiek salatzen, antolaturiko klase elkartasuna hedatzea" du xede.

Etxebizitzaren arloko borroka orok "etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" bermatzeko bidea elikatu beharko lukeela ere nabarmendu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, eta pauso horiek "sozialismoaren eraikuntza prozesu bati loturik" daudela ere argitu du.

Harremanetan jartzeko

Etxegabetzeen Aurkako Sarearekin harremanetan jarri nahi dutenek, ondoko telefono zenbakia erabil dezakete: 624 895 314.

Lizarrako Jai Txikiko txosnei oztopoak jartzea egotzi diote EH Bilduri
Lizarran Txosna Txikiak jarri ohi diren espazioan ordutegia murriztuz, txosnagunea lekualdatzera behartu nahi izan du Festagiro EH Bilduren udal gobernuak. Festagirok ohartarazi du udalak obrak egin nahi dituela txosnagunea kokatzen den zonan, eta hori dagoela oinarrian berez. EH Bilduren baimena ofizialki izan edo ez, Txosna Txikiak ohiko lekuan jarriko dituela eta ordutegia ohikoa izango dela argitu dute antolatzaileek.