AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Etxeko langileen sektorearen lan-baldintzek okerrera egin dutela salatu du Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak

Urtero bezala, datuak bildu eta argitaratu ditu Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak. Atzo aurkeztu zuten txostena, eta ondorioztatu zuten egungo krisiak okerragotu egin duela beharginen egoera: kaleratzeen, lan-baldintzen gogortzearen, osasun eta segurtasun ezaren nahiz kontraturik gabeko langileen kopuruaren gorakada ekarri ditu, besteak beste.

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak lan-baldintzek okerrera egin dutela salatu zuten atzo, otsailak 4, Bilbon (Bizkaia). Elkarteko kideek ohi modura bildutako datuek erakutsi dute zein den sektoreko langileek egungo krisian bizi duten egoera: ziurgabetasunak, zaurgarritasunak eta lan-baldintza latzek ezaugarritzen dute etxeko langileen egunerokoa.

ELKARTEAREN DATUAK: EGOILIARRAK ETA EZ-EGOILIARRAK

Txostenaren arabera, 468 langile elkarrizketatu zituen Etxeko Langileen Elkartearen aholkularitzak. Horietatik %98 ziren emakumeak eta %43 egoiliar modura jarduten dutenak. Azken horien artean migratutako emakumeak dira gehiengoa eta, hori ez ezik, herritartasunik gabekoen kopurua handitu egin dela azaldu dute elkarteko kideek.

Langile horien baldintzak, gainera, larriak dira: "lanaldi eta atsedenei dagokienez, egoiliarren gehiengo zabalak legez kanpoko baldintzetan egiten du lan". Izan ere, astegunetan aritzen diren egoiliarren %74,29k, astean 60 ordu baino gehiago egiten dituzte "enplegatzailearen esku".

Egoiliarren soldatak, gainera, ez dira legezko gutxieneko kopurura iristen, eta %96,73k ez dituzte lanaldian egindako ordu guztiak kobratzen. Bestelako irregulartasunak ere ematen dira: %42,36k ez du jasotzen soldatari dagokion nominarik edo agiririk, herritartasunik ez dutenek ez daude Gizarte Segurantzan izena emanda, segurtasun- eta osasun-baldintzak ez dira betetzen, eta abar.

Etxeko langile ez-egoiliarren egoerari erreparatuta, arlo horretan ere emakumeak dira nagusi, eta ia guztiek dituzte lanaldi partzialak. Soldata baxuak jasotzen dituzte haiek ere: "ez-egoiliarren %43,77k ez dute lanaldiari zegokion gutxieneko soldata eskuratu".

PANDEMIA

Pandemiaren testuinguru zehatzak izan duen eragina ere bildu du txostenak, eta sektoreko beharginen lan- eta bizi-baldintzen okerragotzea azpimarratzen dute datu horiek. Adibidez, Etxeko Langileen Elkarteak salatu du "herritartasunik gabeko langileek lanpostua galdu zutela COVID-19an positibo ematean".

Bestalde, izan ez dituzten oporraldiak ez dizkiete "ekonomikoki konpentsatu", ezta egindako aparteko orduak ere. Konfinamendu orokorrak, bestetik, Gizarte Segurantzan erregistratuta ez dauden edota kontraturik gabe lan egitera behartuta dauden langileen egoera nabarmen zaildu du: lana galtzean ez zuten langabezia prestaziorik edo ordainsaririk lortzeko aukerarik.

Langile guztiak kaleratuko dituzte Amurrioko Valvospain lantegian
79 beharginak aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean egon dira iazko martxotik, eta kaleratu egingo dituztela jakinarazi diete orain. Antza, hartzekodunen lehiaketan inor ez da prest agertu seinale gisa jarri beharreko zenbatekoa ordaintzeko.