AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Eurocopa gelditzera deitu dute milaka pertsonak Bilbon eta Gasteizen

Milaka pertsona elkartu ziren atzo Bilboko eta Gasteizko mobilizazioetan. Eurocopa Honi Ez plataformako kideek azaldu zuten "premiazkoa" dela, "era eraginkorrean", Eurocopa jokatzeko erabakiari "aurre egin ahal izateko gaitasunak garatzea eta inposaketa hau gelditzea". Futbol txapelketa horren "izaera inperialista" eta "Euskal Herrian areagotuko dituen pobrezia orokorra, dominazioa eta errepresioa" nabarmendu zituzten beste behin, eta "hainbat entitatek" apustu horri eustearen atzean "el todo por la pasta" premisa ezkutatzen dela seinalatu zuten. Iruñeko manifestazioari debekua ezarri zion Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak.

Aste honetan berriz baieztatu dute Bilboko (Bizkaia) San Mames zelaian jokatuko direla Eurocopa futbol txapelketako hainbat norgehiagoka, aurtengo ekainean. UEFAk, Bilboko Udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak hala adostuta, partida bakoitzean 13.000 ikusle hartuko ditu San Mamesek. Eurocopa Honi Ez plataformak deituta, atzo milaka pertsonak esan zioten "ezetz" Eurocopari. Bilbon (Bizkaia) eta Gasteizen (Araba) izan ziren mobilizazioak 12:00etan hasita, Gelditu dezagun lelo hartuta.

Hain zuzen, San Mames aurretik hasi zen Bilboko manifestazioa, eta Gran Via zeharkatu ostean, udaletxe aurrean bildu ziren guztiak. Hainbat instituzioren egoitzak seinalatu zituzten ibilbidean zehar, besteak beste, Bilboko Udalarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena eta Espainiako Gobernuaren ordezkaritzarena. Justizia Jauregi aurretik ere igaro ziren, eta Iñigo Cabacas izan zuten gogoan manifestariek, haren erailketaren bederatzigarren urteurrenean. Gasteizen, aldiz, Andra Mari Zuria plazan egin zuten elkarretaratzea ehunka pertsonak.

Proletariotzaren azalean

"Ekimen honen helburu bakarra proletariotzaren kontura betikoen poltsikoak betetzen jarraitzea da", gaitzetsi zuen atzokoan Eurocopa Honi Ez plataformak. "Baten batek argudia lezake Eurocopa bezalako proiektuak direla ekonomia krisian dagoen une batean modu bakarra indarrean dauden datu kezkagarriei buelta eman ahal izateko: lanpostuak sortzen lagunduko omen duelako, Euskal Herria Europan hiri ezaguna izatera igaro daitekeelako, eta horrek turismoari bultzada ezin hobea eman diezaiokeelako. Hala ere, irudiek eta albisteek ezkutatzen dutena proletariotzaren azalak ikusarazten du: ezagunak zaizkigun behin-behinekotasunari, ezegonkortasunari, atseden ezari, edo soldata miserableei deitzen dielako burgesiak aberastasuna".

"El todo por la pasta" eta arbitrariotasuna

Plataformako kideek azaldu zutenez, gainera, Eurocopa egiteko erabakiari "kosta ala kosta eusten" ari dira "Europako zein Euskal Herri mailako zenbait entitate". Hala, txapelketarekin aurrera egin bai, baina "mundu pandemiari", "krisi ekonomikoari" edota "eskubide galerei" ezikusiarena egiten dietela salatu zuten. Besteak beste, EAJ jarri zuten jo-puntuan: "EAJren lelo bakar eta sakratua gainendu da, "el todo por la pasta" guztiaren eta guztien gainetik".

Bestalde, "gaur egungo osasun-egoeran" entitate horiek Eurocopa jokatzearen aldeko apustua egiteak azken hilabeteetako "langileriaren askatasunen urraketa erabat arbitrarioa izan dela" erakusten du, Eurocopa Honi Ezen arabera: "Horrela bakarrik uler daiteke Eurocopa jokatu bai, baina biltzeko debekua edo etxeratze agindua mantentzea". Azpimarratzekoa da, hala, Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzak debekua ezarri izana Iruñean deitutako manifestazioari.

Espainiako Selekzioak Bilbon jokatzea ere seinalatu zuen plataformak, hori "erreakzionarioa den proiektu espainolistan sakontzeko erabiliko" dela argudiatuta. "Hasieratik salatu genuen Eurocopa honen izaera inperialista eta Euskal Herrian areagotuko zituen pobrezia orokorra, dominazioa eta errepresioa", gaineratu zuen atzokoan.

Erabakia, hilaren 19an

Plataformako kideek gogorarazi zuten UEFAk apirilaren 19an emango duela Eurocoparen gaineko azkeneko erabakiaren berri. "Horregatik premiazkoa zaigu, era eraginkorrean, erabaki horri aurre egin ahal izateko gaitasunak garatzea eta inposaketa hau gelditzea", ondorioztatu zuten.

Iruñeko Misericordia adinekoen etxeko langileek greba egingo dute apirilaren 21ean
Iazko abenduan iraungi zen lan-hitzarmena, eta martxoan hasi zen negoziazio prozesu berria. Zuzendaritzaren inposaketen aurka eta haien eskakizunak barne hartuko dituen hitzarmen berri baten alde egingo dute greba langileek.