AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Europar Batasunak amore eman du eta AEBen %15eko muga-zerga finkoa onartu du

Energia eta armamentu estatubatuarraren erosketa masiboa hitzartu du Bruselak, ehunka mila milioiren truke.

Amerikako Estatu Batuek eta Europar Batasunak akordio bat egin dute: %15eko muga-zerga finkoa jarri diete Europatik AEBetako merkatura doazen produktuei, Trumpek hasieran ezarritako %30eko kobrantzaren azpitik, baina, azken finean, muga-zergen politika onartuta. Turnberryko (Eskozia) golf-zelaian bildu dira Donald Trump eta Ursula Von Der Leyen, eta horren ostean sinatu dute ituna. Akordioak, hala, agerian uzten du EBk funtsezko bi sektore estrategikotan duen mendekotasuna.

Muga-zerga "murriztuaz" gain, EBk konpromisoa hartu du AEBetako energia erosteko, 750.000 milioi dolarreko prezioan; baita beste 600.000 milioi inbertsioetara bideratzeko ere. Washingtonekiko mendekotasun energetikoa nabarmen handituko du horrekin, presio geopolitikoen ondoren, iturriak dibertsifikatu nahi dituen une batean. Era berean, AEBetako material militarraren erosketak nabarmen handitzea ere onartu du Bruselak, eta aldaketa horrek, Washingtonekiko mendekotasun militarra sakontzeaz gain, AEBetako gerra-industriak kontinentean duen pisua handituko du.

Ordainetan, Estatu Batuek ez diote muga-zergarik ezarriko Europako produktu estrategikoen zerrenda mugatu bati (osagai aeroespazialak, produktu kimiko jakin batzuk eta lehengaiak, besteak beste); eta, handitu beharrean, %15eko zerga-kargari eutsiko diote funtsezko zenbait sektoretan, hala nola automobiletan, erdieroaleetan eta farmazeutikoetan.

Aldebakarreko kontzesio horrek erakusten du EBk Washingtonek ezarritako baldintzak onartu dituela, protekzionismoaren mehatxuei uko eginez eta, bazkide komertzial nagusietako baten aurrean, bere ekonomia eta maniobratzeko gaitasuna arriskuan jarriz.

Zarauzko Udalaren autoritarismoa: herriko kolektiboei dirua kobratu nahi die espazio publikoa erabiltzeagatik
Urola Kostako Kontseilu Sozialistari dirua eskatu dio kalean hitzaldi bat egiteagatik, eta Danda Gazte Asanbladari, berriz, futbol-zelaia erabiltzeagatik.