AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Eusko Jaurlaritzak Tubacexeko langileak behartu ditu lanean jarraitzera, enpresak prebentzio neurriak bete ez dituen arren

Sidenor enpresaren fabrikekin egin modura, Eusko Jaurlaritzak behartu egin ditu Tubacexeko beharginak ekoizpenarekin segitzera. Lan ikuskaritzak ez du lantokia aztertu eta ez du txostenik osatu, eta langileek salatu dute enpresak ez dituela ezarritako gutxieneko prebentzio eta segurtasun neurriak hartu.

Covid-19 birusaren kutsatzea ekiditeko prebentzio eta segurtasun neurriak ez bete arren, hainbat lantoki irekitzera derrigortzen ari da Eusko Jaurlaritza. Horixe da Sidenor edota Laudioko (Araba) Tubacex enpresen kasua: zuzendaritzak beharginak babesteko gutxieneko neurriak hartu ez zituenez planto egin zuten haiek, ekoizpena geratuz, baina orain, lanera itzultzera behartu ditu Eusko Jaurlaritzak.

Sidenorrekin gertatu modura, ELAk salatu du Lan Sailak ez diola lan Tubacexeko egoerari buruzko txostenik eskatu lan ikuskaritzari, eta bisitarik ere ez dela izan.

Beharginek aste honetan bertan salatu dute maskararik ez dagoela beharrezkoak diren lanpostu guztietan eta ez dagoela bermatuta lanerako tresna guztien garbiketa eta desinfektazioa. Bestalde, haien artean gutxieneko prebentzio distantzia mantentzeko zailtasunak ere aipatu dituzte.

"Ahalik eta jarduera gehienari eusteko", "paktu sozial" bat eskatu du Confebaskek
Ekoizpenarekin ahalik eta neurri handienean segitu ahal izateko "agente sozialen arteko paktu soziala" galdegin du Confebaskek, eta Eusko Jaurlaritzak "ahalegin kolektiboa" eskatu du, fabriketako "sua" piztuta mantentzeko. 650 enplegurako erregulazio txosten aurkeztu dituzte enpresek Hego Euskal Herrian, eta sindikatuek salatu dute "enpresen gehiekieriak" errazteko agertokian aurkitzen garela. Lantegi ugarik itxi dituzte ateak aste honetan.