AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ez dute ezabatu Bilboko Aste Nagusian atxilotutako pertsonei buruzko informazio filtratua

Poliziak filtratu egin zituen atxilotutakoen argazkiak eta izen-abizenak, eta, besteak beste, hainbat atari faxistatan argitaratu dituzte.

Bilboko (Bizkaia) aurtengo Aste Nagusian, abuztuaren 19tik 27ra bitartean, 80 pertsona inguru atxilotu zituzten Ertzaintzak eta Bilboko Udaltzaingoak. Atxilotutakoen polizia-fitxak, bakoitzaren argazkiekin eta izen-abizenekin, sare sozialetan atera ziren argitara: filtrazio bat izan zen, eta Telegramen bidez argitaratu zituen Alvise Perez "kazetari" faxistak.

Gero, ikaragarri zabaldu ziren fitxa horiek Twitter bidez, besteak beste. Desokupa desokupazio-enpresa parapolizialak ere hedatu zituen Bilbon atxilotutakoen izen-abizenak eta irudiak, asko arabiarrak zirela ikusita, haiek kriminalizatzeko eta gorroto-mezu arrazistak zabaltzeko probestuta, beste behin ere.

Filtratutako fitxek polizia-indarren intsignia ofizialak zituzten estanpatuta, eta, beraz, argi seinalatzen du filtrazioaren iturria. Aurreko astean galdetu zioten Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari auzi horren inguruan, eta leundu egin nahi izan zuen autoritateen erantzukizuna: filtratutakoa ez zela "agiri ofizial bat" esan zuen, polizia-agiri batetik abiatuta "editatutako konposizio bat" baizik. Segurtasun Saila gertatutakoa ikertzen ari dela adierazi zuen Erkorekak, jada hilabete eta erdi igaro den arren. Oraindik ez omen dute filtrazioaren erantzulerik topatu.

Dena den, sare sozialetan eskuragarri jarraitzen dute Aste Nagusian atxilotutako pertsonen izen-abizenek eta argazkiek, oraindik ez baitute neurririk hartu informazio hori ezabatzeko. Erkorekarekin arabera, eskaera hori egin dute Datuen Babeserako Euskal Agentzian, baina momentuz ez dago emaitzarik.

100.000 soldadu mobilizatu ditu Israelek, erasoan jarraitzeko Gazan
"Hamasen gaitasun militarrak eta Gaza gobernatzeko gaitasuna" suntsitu nahi ditu Israelek, eta badirudi laster inbadituko duela Gaza. Zerrenda sarraskitzen jarraitzen dute indar sionistek.