AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ez dute Iruñeko Erorien Monumentua eraitsiko

Eraikina bota ordez, haren esanahia eraberrituko dutela adierazi dute PSNk, Geroa Baik eta EH Bilduk. Akordio bat egin dute, frankismoaren alde borroka egin zuten faxistak omentzen dituen eraikina berritzeko: Mola eta Sanjurjoren kriptak kenduko omen dituzte, besteak beste. Hainbat kolektibok exijitu izan dute monumentua bota dezatela, erreformatu beharrean.

Iruñeko (Nafarroa) Rodezno Kondea eraikin frankista, Erorien Monumentua bezala ere ezaguna, ez dute eraitsiko. Negoziazioak itxi eta itun bat hitzartu dute PSN, Geroa Bai eta EH Bildu alderdiek, eta eraikina eraberritzeko beharrezko tramiteak hasi dituzte Iruñeko Udalean, obra egiteko.

Espainiako Estatuko Gerra Zibilean frankismoaren alde borroka egin zuten faxistak omentzen ditu oroigarri erraldoiak. Memoria historikoa lantzen duten elkarteei entzungor egin eta, eraikina bota ordez, hura eraberritzea erabaki dute aipatutako hiru alderdiek. Francoren heriotzaren 49. urteurrenean eman dute erabakiaren berri, eraikinarekin egin beharrekoari buruzko eztabaida luzea itxi nahian.

2019an, monumentu frankistaren inguruko zazpi proposamen egin zituen Iruñeko Udalak, eta hautsak harrotu zituen horietako batek, eraikina eraistea eta oroimen-espazio txiki bat egitea proposatzen zuen-eta. Antza, eraikinak 2-3 graduko babes maila zuen eta, beraz, monumentua botatzea edo espazio batzuk birmoldatzea legez kanpokoa zen.

2022ko azaroan, ordea, Nafarroako Foru Parlamentuak babes legala kentzearen alde egin zuen, Elkarrekin-Podemos, PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerrak babestuta. Itxura denez, gero, PSN izan da monumentua eraistearen aurka agertu dena, eta men egin diote alderdi progresistek.

Prentsaurrekoa egin zuten atzo PSN, Geroa Bai eta EH Bilduk, eta monumentuaren esanahia eraberritzeko proiektua aurkeztu zuten. Kupula estali, margolan frankistak kendu, Mola eta Sanjurjoren kriptak kendu eta kanpoaldeko arku-multzoa eraitsiko dute, besteak beste. Faxismoa "salatzeko" eta "memoria demokratikoaren" izenean, Maravillas Lamberto izena emango diote erreformatutako espazioari. Izen bera zeraman "aldaketaren gobernuak" (Geroa Bai, EH Bildu, Elkarrekin-Podemos eta Izquierda-Ezkerra) 2018an Alde Zaharrean desalojatutako Gaztetxeak.

Galdeketa bat egingo dute

Hiru alderdien dokumentuan islatzen denez, eraikinean martxan jartzeko proiektuen arteko lehiaketa bat egingo dute "ahalik eta lasterren". Oraingoan, ordea, ez dute eraikina eraisteko aukerarik emango, 2019an bezala. Akordioan sinatutako oinarriak errespetatu beharko dituzte proposatutako proiektu guztiek, eta "diziplina anitzeko epaimahai batek" erabakiko du zeinekin egingo duen aurrera udalak. "Prozesu parte-hartzaile informatibo-pedagogiko bat" egingo omen du epaimahaiak, galdeketa batekin.

Iruñerriko Kontseilu Sozialistak eraikina bota zezatela exijitu zuen

"Elkarte memorialistek bikain azaldu dute eraikinari zentzu berri bat ematea ezinezkoa dela, talka egiten baitu bere esentzia faxistarekin berarekin", nabarmendu zuen Iruñerriko Kontseilu Sozialistak apirilean. Are, ohartarazi zuen "jokoan dagoena memoria baino gehiago" dela, eta "gaur egun bizirik dagoen faxismoari" ezin zaiola "zirrikiturik utzi". Kontseilu Sozialistak "bizikidetza eta kontsentsu antzua" seinalatu zituen, horren kontra, "faxismoaren aurkako lekukoa hartu eta antolatzen jarraitzeko" deia eginda.

Kaleko saltzaileen kontrako beste polizia-operazio bat Bilbon
Oraingoan ere, udaltzainek jazarri dituzte hainbat pertsona Alde Zaharrean. Duela bi aste baino gutxiago atera zen argitara beste eraso bat.