AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Familia bat etxegabetu dute Galdakaon

Bere senar ohiak hala eskatuta kanporatu dituzte etxetik emakume bat eta bere semea. Atzorako zegoen ezarrita etxe kaleratzea, eta hainbat eta hainbat pertsona bertaratu ziren protesta egitera. Ertzaintzarekin elkarlanean, dena den, familia atzo bertan etxegabetzea erabaki zuen batzorde judizialak.

Atzo familia bat bota zuten etxetik Galdakaoko (Bizkaia) Zabalea auzoan. Hego Uribeko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, gainera, hutsik geratuko da etxea orain, salmenta izan arte. Atzorako zegoen finkatuta etxebizitzaren hustea, eta auzoko bizilagunek deituta, protesta bat izan zen goizean; etxe aurrean bildu ziren hainbat eta hainbat pertsona. Dena den, batzorde judiziala bertaratu zen Ertzaintzak lagunduta, eta etxe kaleratzea gauzatzea erabaki zuen.

Emakume bat eta bere semea izan ziren etxegabetuak, eta emakumearen senar ohiak jarri zuen martxan huste prozedura, Zabaleako etxebizitza saldu nahi duelako.

Hego Uribeko Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute "azken urteetan garatzen ari den burgesiaren ofentsibaren adierazpen garbia" izan zela atzokoa: "Proletalgoa bizi-bitartekoetatik kanporatua izaten ari da. Kaleratzeak, masa zabalen pobretzea, bizitzaren garestitzea... orokortzen ari direla nabaria da".

"Egoera horri aurre egiteko ezinbestekoa zaigu proletalgoaren bizi-baldintzen defentsarako babes mekanismoak garatzea, beti ere, antolakuntza komunista hedatzeko helburuarekin", aldarrikatu dute: "Izan ere, ekoizpen eredu kapitalistaren gaindipena helburu duen antolakuntzaren bidez bakarrik lor ditzakegu kalitatezkoak, doakoak eta unibertsalak diren etxebizitzak".

Albisteekiko interesaren gainbeheran munduko liderra da Espainiako Estatua
Albisteak jasotzea gustuko duten biztanleak %55 baino ez dira 2022an, 2015eko %85en aldean. Oxford Unibertsitateko Reuters Institutuaren Digital News Report txostenaren arabera, "kazetaritzaren eta publikoaren artean gero eta deskonexio handiagoa" sumatzen da mundu mailan. "Konfiantzaren beherakada", "albisteekiko interesaren gainbehera" edota "horiek nahita saihesten dituzten pertsonen kopuruaren igoera" azpimarratzen ditu, besteak beste. Halako joerak gazteen artean gehiago nabarmentzen direnez, belaunaldi berrien ohiturak ere ezaugarritu ditu ikerketak.