AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Frankismoan, emakumeen eskolatzea gizonezkoenaren erdia zen Espainiako Estatuan

Emakumeei boto-eskubidea kendu zieten diktadura frankistan eta ez zuten 1975era arte berrezarri, eta senarraren baimena behar zuten edozein ekintza juridikotarako. Estatu mailan ia 4.000 emakumek miliziano gisa jardun zuten erregimen faxistaren aurka, dokumentatu dutenez.

Francoren erregimenak ezarri nahi izan zuen kontrol ideologikoa erabatekoa izan zen, tresna legalak zein biolentzia erabiliz. Hezkuntza nazional-katolikoa ardatz izan zen horretan: 1938tik, ikasleak eta irakasleak mezara behartu zituzten, eta 1939ko agindu batek nazional-katolizismoaren printzipioak finkatu zituen Espainiako Estatuko Lehen Hezkuntzan. Ideologia hori sendotu zuten 1945eko Legeak eta Magisteritzan 1950ean Etxea (Hogar) irakasgaia sartu izanak, eta besteak beste, emakumeak etxeko lanetarako prestatzea bilatu zuten hala.

Politika diskriminatzaile horren frogarik argiena genero-desberdintasunari buruzko datuetan aurki daiteke, bereziki analfabetismoan. 1940an, emakumeen analfabetismo tasak (%23,2) gizonezkoena (%13,8) bikoizten zuen ia estatu mailan; eta 1950ean joera bera mantendu zen (emakumeen artean %18,3; gizonen artean %9,9). Desberdintasun hori hezkuntza-sistemak berak elikatu zuen 1940ko hamarkadan, nesken eskolatze-pisua guztizkoaren %35 ingurukoa baitzen, eta gehienentzat hezkuntza-bidea Lehen Hezkuntzarekin amaitzen zen, goi-mailako ikasketak zuzenean ukatuz.

Bazterketa sozial hori, baina, "errepresio sexuatu" deiturikoaren alderdi bat baino ez zen. Historiografia berriak (Mirta Nuñez edo Angeles Egidoren eskutik kasu) erakutsi du zigorra ez zela politikoa soilik, baizik eta nazional-katolizismoak inposatutako emakume-eredua (ama eta emazte otzana) urratzean ere ezartzen zela. Erregimenak "genero-kontrairaultza" delakoa berehala aplikatu zuen: emakumeei boto-eskubidea kendu zien (1975era arte berreskuratu ez zutena) eta 1889ko Kode Zibila berrezarri zuen, emakumea senarraren baimenaren menpe utziz edozein ekintza juridikotarako.

Kontrol horrek bere alderdirik biolentoena erakutsi zuen urteetan zehar. "Lan-depurazioa" deiturikoa erabatekoa izan zen hezkuntzan: Madrilgo probintzian, adibidez, 1939an Lehen Hezkuntzako 1.618 andereino zeuden erroldatuta, eta erregimenak milaka espediente ireki zituen askoren aurka, ustezko balio errepublikarrak transmititzea leporatuta, haiek zigortzeko. Espetxe-sistema, gainera, zapaltzeko eta "berreziketarako" tresna izan zen. Saturrarango espetxea (Mutriku) horren adibide garbia da: 1940rako 3.000 emakume eta haur inguru pilatu zituzten bertan. Kartzela martxan egon zen sei urteetan, 177 pertsona hil zituzten higiene faltagatik eta nahita ezarritako utzikeriagatik.

Hala ere, errepresio sistematiko horren aurka, emakume ugarik erregimenari aurre egin ziotela eta erresistentzia aktiboa egin zutela ere dokumentatu dute. Diktadura frankistak emakumeen parte-hartze politikoa ezkutatu nahi izan bazuen ere, estatu mailan gutxienez 3.395 emakumek jardun zuten miliziano gisa Errepublikaren aldeko borroka armatuan. Gerra Zibila deiturikoaren ostean ere, erresistentziak jarraitu zuen, eta emakume askok parte hartu zuten talde armatuetan edo "maki" gisa, erregimenaren kontra eta eskubide zibil eta politikoen alde borrokatuz.

"Asilo-eskaerarako daukadan hitzordua 2028an da"
40 bat maliar daude, Gasteizen (Araba), kale gorrian. Uztailaz geroztik ehunka dira Gasteizera iritsitakoak: batzuek lo egiteko lekua aurkitu eta joateko aukera izan dute, baina beste batzuen kasuan, instituzioen alternatiba faltak kalean egotera behartzen ditu. Asilo-eskaerak tramitatzeko zain daude, baina hitzorduak oso epe urrunetara eman dizkiete. Bitartean, alternatibarik ezean, Salburuako arkupeetan egiten dute lo. Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, beste kolektibo batzuen eskutik, egunerokoan laguntzeko boluntario-sare bat osatuta dauka, eta hainbat bilketa antolatu ditu udaz geroztik. Izenik ez ematea nahiago izan duen maliarretako bati egin diogu elkarrizketa.