AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Frantziako Gobernuak berrikusi egingo du Poliziaren esku-hartzeak grabatzearen aurkako legea

"Segurtasun globala" izenpean osatutako lege sorta proposamena berrikusiko du Frantziako Gobernuak, nahiz eta balizko aldaketen inguruko zehaztasunik ez den argitaratu oraindik. Lege proposamenaren arabera, aurrerantzean, zigortua izango litzateke Poliziaren irudiak bideoan jasotzea. Neurri berri horren harira, hainbat protesta piztu dira estatu osoan azken astean. Ipar Euskal Herrian ere mobilizatzera deitu dute, abenduaren 5ean, Baionan.

Asteburu honetan mobilizazioak izan dira Frantziako Estatuan "segurtasun globala" modura izendatutako lege sortaren aurka, eta horren ostean, Frantziako Gobernuak adierazi du berrikusi egingo dituela proposatutako neurri berriak. Besteak beste, lege sortako 24. artikuluaren arabera, Poliziaren esku-hartzeak eta polizia-indarkeria grabatzea nahiz sareetan zabaltzea zigortzen zuen gobernuak, kartzela zigorraren edota 45.000 eurorainoko isunen bidez.

Christophe Castaner Barne Ministroak eman du berrikusketaren berri, nahiz eta ez dituen zehazki azaldu balizko aldaketen nondik norakoak.

Frantziako Estatuan hainbat polizia-gehiegikeriaren berri eman dute egunotan ere; esaterako, pasa den astean bertan, pertsona migratuen kanpamendu bat bortizki desegin zuen Poliziak Parisen, eta horretaz gain, argitara atera da hiru polizia-agentek Michel Zeclerri emandako jipoia.

Frantziako Legebiltzarrak azaroaren 24an bozkatu zuen "segurtasun globala" proposamenaren lehen irakurraldia, eta aldeko botoa izan zen nagusi. 24. artikulua berrikusiko duten arren, Frantziako Gobernuak aurreikusi du 2021. urterako izatea martxan aipatutako lege berriak.

Ipar Euskal Herrian ere mobilizazioak iragarri dituzte neurri horien kontra; hain zuzen, Baionan (Lapurdi) mobilizazioa izango da abenduaren 5ean.

Bilboko Langile Autodefentsa Sareak borrokaldi berria abiatu du, Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar garbiketa enpresako gatazka baten harira
Limpiezas Arana-Fernandez Aguilar garbiketa enpresari hainbat eskakizun helarazi dizkio Bilboko Langile Autodefentsa Sareak, bertan soldatapean lanean ari den behargin batek jasaten duen egoera dela eta. Kontratu gabe jarduten duela salatu du langileak, baita zigor ekonomikoak eta bestelako gehiegikeriak pairatu dituela ere.