AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Garaipena Baztan eta Sotiko ostatuetan, Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak abiatutako borrokaren eskutik

Fruituak eman ditu Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak martxan jarritako borrokak. Gaur bertan jakinarazi dute, bi ostatuetako jabeek dagoeneko ordaindu dietela bost beharginei zor zieten dirua. Sareko kideek "oso positibotzat" jo dute "langileek autoantolakuntzari ekin" izana, eta gero, "sareak bere ahalmenak euren zerbitzura jarri izana". Nabarmendu dute agerian geratu dela "isolamenduak langileak ahultzen" dituela, baita "nagusien zatitze saiakerei era kolektiboan erantzun" behar zaiela ere.

"Borrokak merezi du". Aldarri horrekin, gaur jakinarazi du Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak garaipena erdietsi duela Iruñeko (Nafarroa) Baztan eta Sotiko Aitona ostatuetan. Izan ere, hilabete eta erdiko borrokaren ostean, bi taberna horietako nagusiek bost langileri zor zieten dirua ordaintzea lortu dute. "Hainbat aholkularitza-etxetatik pasatu eta gero, Nafarroako Ostalaritza Elkartearengana (patronalaren elkartea) jo dute, eta langileei zor zieten zenbateko guztia errekonozitu eta ordaindu behar izan dute", azaldu du LASek.

Urrian hasi zuten borrokaldia LASeko kideek; hainbat beharginek salatu baitzuten jabeek ez zizkietela ordaindu zenbait lan ordu arrunt, gaueko txanda, aparteko ordu eta jaiegun. Egoera horri aurre egitea eta euren kabuz antolatzea erabaki zuten langileek, eta sarearengana jo zuten gero. Hala, mobilizazioekin hasi ziren Baztan, Sotiko, ordaindu zor duzuena izenpean, eta isla "publikoa" hartu zuen lan gatazkak. Azaroa hasieran, esaterako, 300 pertsona elkartu ziren Baztan tabernaren atarian, jabeei exijitzeko zor zutena ordaintzeko.

Nagusien jarrera "oldarkorra eta erasokorra" izan zela salatu zuten LASeko kideek urria amaieran. Besteak beste, langileen, sareko kideen eta bizilagunen aurkako "mehatxuak eta irainak" aipatu zituzten. Dena den, aurrera egin zuten borrokarekin, eta fruituak eman ditu.

LASek adierazi du, ordea, hamaika izan zirela "enpresariek duten zigorgabetasun sentipenaren aurrean" loratu ziren "elkartasun keinuak". "Auzokideengandik jaso dugun babesa bihotzez eskertu nahi dugu, nagusiei tinko aurre egiteko zein garaipena lortzeko giltzarri izan baita".

Borrokaren irakaspenak

Langileen Autodefentsa Sareko kideek gaur adierazi dutenez, agerian geratu da ezinbestekoa dela "erantzun kolektiboa": "Isolamenduak langileak ahultzen ditu, eta nagusien zatitze saiakerei era kolektiboan erantzun behar diegu". Hala, "oso positibotzat" jo dute beharginek "autoantolakuntzari ekin izana", eta gero, sarearekin harremanetan jarrita, hark "bere ahalmenak euren zerbitzura jarri" izana. "Etorkizunean jarraitzeko bidea horixe dela uste dugu", gehitu dute.

Bestalde, azaldu dute "langileen ikuspuntutik ez dagoela nagusi zintzo eta maltzurrik", "euren interesak lehenesten dituzten enpresariak baizik". "Izatez, enpresari txikia ito beharrean uzten duen lehia kapitalistak berak behartzen du nagusia kostuak merkatzera, beti langileen bizkarrera", diote: "Sarean itxurakeriak bazter uzteko eta patronalaren zigorgabetasunari aurre egiteko lanean jarraituko dugu, hura, auzoan zein ustezko hurbiltasun politikoan ezkutatzen saiatuko bada ere".

Konbenioen "urratze sistematikoa" ere gaitzetsi dute LASeko kideek: "Hutsaren hurrengoa diren eskubide formalen aurrean, gure interesak langile klasearen indar antolatuaz defendatu behar direla pentsatzen dugu, hau da, autodefentsa kolektiboaren, elkarren arteko babesaren eta klase elkartasunaren bidez".

Garaipenak ereiten

Oraingoa ez da Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sareak lortu duen garaipen bakarra. Esaterako, iragan maiatzean Donibane auzoko El Ronqueo ostatuan abiatu zuten borroka, langile batek ez zituelako ordutegiz kanpo egindako orduak eta gaueko plusa kobratu. Orduko hartan ere, borrokari esker, nagusiek zor zutena ordaintzea lortu zuen LASek. Haien leloak dioen bezala, Hik bakarrik ezin, elkarlanean aitzin.

Bi emakumeri eraso egin diete haien bikotekideek, Gasteizen
Astelehenean jazo ziren bi erasoak, kalean eta jendaurrean. Duela egun gutxi, Durangon ere bikotekideari eraso egin zion gizonezko batek, bien etxebizitzan.