AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizen hogei pertsona berehalako etxegabetze arriskuan daudela salatu du Etxebizitza Sindikatuak

Etxegabetuak izateko arriskuan daude Herrandarren kaleko eraikin birjabetu batean bizi diren bost familia; 'express' kaleratzeen prozeduraren aurreneko kasuetako bat litzateke Gasteizen. Etxebizitza Sindikatuak salatu du ez dutela "bizileku alternatibarik" kale gorrian geratuko liratekeen 20 lagunek, eta "jabetza pribatua" dela "zentzugabekeria hau birproduzitzen duena". Horren aurrean, "etxebizitzaren defentsa eta kontrol zuzeneko borroka prozesuen" alde egin dute sindikatuko kideek, eta "langile kontrola" aldarrikatu dute "kaleratzeen aurrean".

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak uztailean jakinarazi zuen Herrandarren kaleko eraikin bat birjabetu zutela "beste aukerarik ez zuten" hainbat lagunek. Horren aurretik, hamar urtez egon da hutsik eraikina. Gaur egun, bost familiak (20 pertsona inguru) dute bizilekutzat blokea, eta uztailetik hona, "antolakuntzaren bidez etxeak konpontzeaz gain, elkartasunean oinarritutako elkarbizitza eraiki" dute.

Agerraldia egin zuten atzo Etxebizitza Sindikatuko kideek, eta modu horretan eman zuten une honetako egoeraren berri: etxegabetze arriskuan daude etxebizitza birjabetuko bizilagunak. Bost etxebizitzetako bi "berehala" hustuko dituzte, express kaleratzeen prozeduraren bidez. Honakoa litzateke, Gasteizen, ekinbide azkar horren aurreneko kasuetako bat.

"Formula juridiko horren bidez, bertan bizi diren pertsonak erantzuteko aukerarik gabe uzten ditu. Ez dute defentsarik; ez dago abokaturik ezta epaiketarik ere, eta bost egunean etxeko titularitatea egiaztatzera behartuta daude. Jokaldi horren bidez, jabeek erabili gabe dituzten espazioak unean bertan berreskuratzen dituzte, horrek bost familia kale gorrian uztea dakarren arren", adierazi dute sindikatuko kideek.

MEZU ARGIA

Kaleratzeari data zehatza jarri ez badiote ere, edozein unetan izan daitekeela ohartarazi dute. Etxebizitza Sindikatuak azaldu du harremanetan jarri zirela etxebizitzen jabeekin, zenbait aukera mahaigaineratzeko; hala nola, "alokairu sozial bat" edota lagapen bat. "Jabeek, aldiz, ez dute horretaz ezer jakin nahi izan, eta haien mezua argia izan da: kalera".

Bestalde, sindikatuak ohartarazi du "egunerokotasunean frogatu" ahal izan dutela "saturatuta" daudela "aterperako larrialdi-zerbitzuak", eta "asko" direla "kale gorrian lo egitera behartuta dauden pertsonak". Hortaz, salatu dute "inolako bizileku alternatibarik gabe" etxegabetuko dituztela Herrandarren kaleko eraikin birjabetuan bizi diren 20 pertsonak.

"Guretzat argi dago zein den konponbidea: alternatibarik gabe, ez dago kaleratzerik. Hau da, udalak kalitatezko eta iraunkorra den aterpe alternatiba bat eskaintzen ez duen bitartean, ez dauka inolako zentzurik kaleratzeak aurrera eramateak", diote.

LANGILE KONTROL ZUZENA

Etxebizitza Sindikatuak seinalatu du "jabetza pribatua" dela "zentzugabekeria hau birproduzitzen duena", eta "instituzio burges orok defendatzen" duela. Hala, "salatze hutsarekin nahikoa ez" dela iritzita, "basakeria hori gainditzeko" ezinbestekotzat jo dute "proletalgoaren antolakuntza independentea", "biziraute baliabide guztien gain kontrola eskuratuko duena".

"Zentzu horretan, etxebizitzaren defentsa eta kontrol zuzeneko borroka prozesuak bideratzen ditugu, proletalgoaren bizi-baldintzak, partzialki behintzat, hobetzeko exijentzia konkretuak planteatuz", nabarmendu du sindikatuak. "Kaleratzeen aurrean", azkenik, "langile kontrola" aldarrikatu du.

'Ikasle langileon batasunaz, autoritarismoari kaƱa!' kanpaina abiatu du IKASek
Hezkuntza esparruan azken hilabeteetan "autoritarismoaren eta kontrol sozialaren gorakada" jazo dela dio plataformak, eta horri aurre egiteko dinamika jarri du martxan. Hiru dira ikastetxeetarako plazaratu dituen aldarrikapenak: "ikasleriak ikasketa prozesua kudeatzeko autonomia izatea", "ikasleria subjektu politiko gisa aitortua izatea" eta "kontrol soziala egikaritzen duen baliabide errepresibo oro bertan behera uztea".