AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizen izan den azken erailketa matxista salatu du Itaiak

Atzo, Euskal Herriko hainbat herritan egin zituen protestak Itaiak. Azken bi asteetan bi emakume erail dituzte euren bikotekide ohiek.

Igandean atera zen argitara azken erailketa matxista: Gasteizen (Araba), 32 urteko emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak. Apartahotel bateko logelan topatu zuten hilik andrea; haurdun zegoen, eta bikiak espero zituen. Bere hiru urteko haurra gorpuaren ondoan aurkitu zuten, eta, antza, ordu luzez egon zen han, hildako amaren alboan. Erasotzaileak emakumearekiko urruntze-agindu bat zeukan ezarrita.

Duela bi aste eskas beste emakume bat erail zuen bere bikotekide ohiak, Orion (Gipuzkoa): erasotzaileak tiroz hil zuen, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Aurten, Euskal Herrian, bi hilketa matxistaren berri eman dute; biak bi aste inguruko denbora-tartean izan dira.

Azken erailketa matxista salatzeko, protestara jotzeko deia egin zuen Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatu gaitezen lelopean, Euskal Herriko hainbat herritan antolatu zituen elkarretaratzeak. Atzo arratsaldean, hain justu, Itaiak deitutako protestak izan ziren Tolosan (Gipuzkoa), Donostian (Gipuzkoa), Ondarroan (Bizkaia), Ordizian (Bizkaia), Zarautzen (Gipuzkoa), Irunen (Gipuzkoa), Azpeitian (Gipuzkoa), Azkoitian (Gipuzkoa) eta Zestoan (Gipuzkoa). Gaurko, Altsasun (Nafarroa) prestatu dute kontzentrazio bat Itaiako kideek.

"Arau kultural bilakatu den ideologia matxistak gizonaren gailentasunerako testuinguru paregabea sortzen du", esan zuen Itaiak azken hilketa matxistaren harira. Hala, "zaurgarritasun egoera baliatuz", "emakume langileon aurkako erasoak etengabe gauzatzen" direla salatu zuen.

Beharrezkotzat jo zuen, "emakume langileon aurkako eraso ororen aurrean, erantzun eraginkorrak hedatzea, horiek gauzatzen dituzten figurak seinalatzea eta emakumeok egoera horretatik askatzeko baliabide elonomiko zein sozialak garatzeari ekitea".

Osakidetzako garbitzaileekin elkartasun-keinuak agertu dira Donostiako Ospitalean
Otsailean jo zuten grebara osasun-sare publikoan azpikontratatutako garbitzaileek, euren lan-baldintzak Osakidetzako baldintzekin homologatzea exijitzeko. Ardura bere gain hartu gabe jarraitzen du Osakidetzak, eta garbiketako langileen eskubide politikoak etengabe ari dira urratuak izaten.