AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizen, Tuteran eta Irunen ere hainbat eraso matxistaren berri eman dute azken egunetan

Gasteizen, bi emakumeri eraso diete; bikotekideak kasu batean, eta koinatuak bestean. Tuteran beste emakume bati eraso dio gizon batek, eta, Irunen, maiatzean emakume batek sexu-eraso bat jasan zuela jakinarazi dute. Bidasoko Itaiak protesta bat antolatu du gaurko, Irunen.

Zornotzan (Bizkaia) gutxienez hiru eraso matxista izan dira azken astean eta, aurreko asteburuan, hainbat emakumeri eraso zieten Errotxapeako (Iruñerria, Nafarroa) jaietan. Horiek ez dira izan, ordea, azken egunetan argitara atera diren eraso matxista bakarrak: Gasteizen (Araba) bi eraso salatu dituzte asteburuan, Tuteran (Nafarroa) beste eraso bat izan da, eta, Irunen (Gipuzkoa), maiatzean izandako eraso baten berri eman dute.

Arabako hiriburuari dagokionez, gutxienez bi emakumeri eraso diete asteburuan. Larunbatean, kalean, emakume bat jo zuen 35 urteko gizon batek; bere koinatua da. Elkarrekin bizi dira emakumea, bere bikotekidea eta azken horren anaia. Emakumeak azaldu duenez, larunbatekoa ez zen izan koinatuak kolpatu duen aurreneko aldia.

Bestalde, Gasteizko beste emakume bati birritan eraso zion 29 urteko mutil lagunak, urruntze-agindua hautsita. Larunbat goizaldean izan zen aurreneko oldarraldia, kalean: emakumearengana hurbildu zen gizona, eta mehatxuak nahiz erasoak egin zizkion. Jarduera kulturalerako erabiltzen den etxola batean hartu behar izan zuen babes emakumeak. 48 ordu beranduago, urruntze-agindua berriz urratu zuen erasotzaileak, eta emakumea bizi den etxera sartu zen.

Tuteran (Nafarroa) ere eraso matxista bat jasan zuen emakume batek iragan astelehenean. 33 urteko gizonezko batek kalean egin zion eraso, eta indarkeria matxista leporatuta eraman zuten atxilo momentuan bertan.

Irunen (Gipuzkoa), bestetik, maiatzaren 28an gertatutako sexu-eraso bat eman dute argitara. Egun horretan, etxera zihoala, emakume bati eraso zion 21 urteko mutil batek: etxeko atariraino jarraitu, barrura sartu eta sexu-erasoa egin zion han. Erasotzaileari aurre egin eta, azkenean, ihes egitea lortu zuen emakumeak. Itxura denez, aurreko ostiralean atxilotu zuten erasotzailea.

Itaiaren protesta Irunen

Azken eraso hori dela-eta, protestara deitu du Bidasoko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean, elkarretaratze bat izango da gaur arratsaldean: 18:00etan, Irungo San Juan plazara bertaratzeko deia egin dute Itaiako kideek.

Eraso homofoboa jasan dute bi lagunek Gallartan
Aurreko asteburuan eraso zieten bi gazteei, Gallartako txosnagunetik gertu: iraindu eta kolpatu egin zituzten hainbat gizonek.