AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak indarrak batu dituzte "langile autodefentsan sakontzeko"

Indarrak batzea eta "gaitasun politiko eta juridikoak proletalgoaren artean elkarbanatzea" erabaki dute Etxebizitza Sindikatuak eta Gasteizko GKSk. Salbuespen egoeran orain arte egin bezala, etxebizitzaren arloan babesa antolatzen jarraituko dute, baina fronte berri bati ere egin diote bide: "poliziaren jazarpen kasuen aurrean ere elkar babesteko" baliabideak jarriko dituzte martxan. Momentuz, e-mail helbide bat sortu dute, eta aholkularitza juridiko eta politikoa eskaintzeari ekingo diote.

"Abestiak zioen bezala, badira hiru aste erraz sorgindu gintuztela. Edo sorgintzen utzi ginela hobeto esanda. Hiru aste eta egun batzuk jada, Covid-19aren aurkako kudeaketa dela eta, osasun-krisiaren aitzakipean, mundu osoko burgesek ziria sartu zigutela", adierazi dute Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuko eta Gazte Koordinadora Sozialistako kideek. "463/2020 Errege Dekretuaren eskutik Espainiako Estatuan alarma egoera, eta hortaz, konfinamendua hasi zenetik, langile klasearen eskubide zein askatasunak izugarri murriztu ez ezik, karitatez utzi dizkigutenak ere era lotsagabean oztopatzen eta zapaltzen ari dira", salatu dute.

"Salbuespen egoera sozial eta politikoaren aurrean", indarrak batzea erabaki dute Etxebizitza Sindikatuak eta Gasteizko GKSk, "gaitasun politiko eta juridikoak langile klasearen esku jartzea" helburu. Hala, aipatutako eskubide eta askatasunak "borrokatu eta defendatu" asmoz, hainbat tresna eta baliabide sortu dituzte.

Duela pare bat aste, Etxebizitza Sindikatuak e-mail helbide bat (etxebizitzasindikatua@gmail.com) jarri zuen martxan, Arabako hiriburuan etxebizitzaren arloan arazoak dituzten langileek nahiz salbuespen egoera amaitzean arazoak izango dituztenek sindikatuarekin harremanetan jartzeko aukera izan dezaten. Aurrera doa dinamika, eta orain artean "oso harrera ona" izan du; etxebizitzarekin zailtasun eta ezintasun larriak dituzten pertsona ugarik jo dute sindikatuarengana.

AURPEGI GEHIAGO

"Tresna horren sorrerak alarma egoerak ekarritako ondorioak modu errealago eta orokorrago batean aztertzera eta ulertzera eraman gaitu", azaldu du Gasteizko militanteetako batek. Izan ere, etxebizitzaren auziaz gain, "salbuespen egoeraren beste aurpegi batzuk identifikatu" dituzte, tartean, "soldatapeko lanaren arloa edota askatasun politikoena".

Hala, beharrezkotzat jo zuten "beste alor batzuetan ematen ari diren gehiegikeriei erantzutea", askatasun politikoen auziari jarraiki. "Konfinamendua ezartzearen, zirkulazio eskubidea mugatzearen eta errepresio indarrei botere gehigarriak ematearen ondorioz (gogoratu alarma), asko dira poliziek zein militarrek egindako abusuak: justifikaziorik gabeko isunak, irain zein mespretxuak, jipoiak, eta abar", adierazi dute Etxebizitza Sindikatuko eta GKSko kideek.

POLIZIAREN JAZARPENARI ERANTZUN

Beraz, etxebizitzaren problematika lantzerako unean e-mailak izandako harrera kontuan izanik, "poliziaren jazarpen kasuen aurrean ere elkar babesteko" baliabide berri bat sortu dute: jazarpengasteiz@riseup.net e-mail helbidea. Modu horretan, "gaitasun politiko eta juridikoak Gasteizko proletalgoaren artean elkarbanatzea" da helburua, kasu bakoitzarerako aholkularitza juridiko eta politikoa eskainiz.

Momentuz, ondorengo egoeren aurrean erantzutea da xedea:

  • "Osasun-beharrak bultzatuta kalera atera eta Poliziak jazarri dituen pertsonen kasuak".
  • "Kolektibo zaurgarriei laguntza eman eta polizia jazarpena pairatu duten pertsonen kasuak".
  • "Kolektibo zaurgarriei modu desinteresatuan laguntzeko antolatzearen ondorioz, polizia jazarpena pairatu duten pertsonen kasuak".

"Soilik gure indarrak batuz eta antolatuz lortuko dugu burgesiaren ofentsiba berri honi aurre egitea", gaineratu dute Etxebizitza Sindikatuko eta GKSko kideek.

Pertsona etxegabe bat gasolinaz blaitu dute Alegian
Udaletxeko arkupean lo egiten duen pertsona bati eraso egin diote gaur goizean: "burutik behera" gasolina bota diote lo zegoenean.