AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizko Udalaren autoritarismoa salatu du Kontseilu Sozialistak

Azken hilabeteetan, kontrol sozialerako baliabide eta gailu berriak iragarri ditu udalak. Udaltzainen bortizkeria eta inpunitatea ere nabarmen ikusi da Gasteizen azkenaldiko hainbat kasutan, Kontseilu Sozialistaren esanetan.

Gasteizko (Araba) Kontseilu Sozialistak udalaren autoritarismoa salatu berri du, azken hilabeteetan argitara atera diren zenbait berriri lotuta. Izan ere, kontrol sozialerako zenbait baliabide berri izango dituela jakinarazi du udalak azken hilabeteetan: eremu turistikoetan, telefono-seinaleen bidez pertsonen mugimenduak atzemateko sistema bat sartu nahi du indarrean, eta martxan dauka adimen artifizialeko bideo-zaintza kamerak ezartzeko proiektua, "arriskuak eta "mugimendu susmagarriak" detektatzeko.

Kontseilu Sozialistako kideek salatu dute, bestalde, kalean behin eta berriz ikusten direla Gasteizko Udaltzaingaren bortizkeria eta inpunitate osoa. Maiatzaren erdialdean, adibidez, polizia-bortizkeria eta polizia-agenteen eraso arrazistak salatu zituzten Alde Zaharreko kaleetan, okindegi bateko langile batek jasandako atxiloketa bortitzaren harira.

Azken hilabeteetan ikusi diren kasu gehiago ere aipatu ditu Kontseilu Sozialistak, dena den: poliziak Aldabe plaza hartu izana, Gasteizko Gaztetxearen kontrako erasoak, udaltzainek patinetean zihoan gazte bati emandako jipoia, eta abar.

"Udala sustatzen ari den politika horiek kaleen monitorizazioa eta kontrol polizialaren indartzea dakarte, eta, kasu isolatuak baino, estatu kapitalistaren joera autoritarioaren bide beretik doaz", adierazi du Kontseilu Sozialistak. Beharrezkotzat jo du, beraz, "segurtasun publikoaren izenean udalak aurrera daramatzan politika errepresiboak seinalatzea eta horien neutraltasun faltsua salatzea".

Greziako uretan 500 lagunek jarraitzen dute desagertuta, eta zalantzan dago kostaizanen bertsioa
Aurreko asteazkenean hondoratu zen 700 pertsona inguru zeramatzan ontzi bat Mediterraneoan. 81 lagun hilda topatu dituzte, 105 erreskatatu dituzte, eta gutxienez 500 desagertuta daude. Ikerketa batek kolokan jarri du Greziako autoritateek kostazainen esku-hartzeari buruz emandako azalpena.