AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak egun osoko egitaraua antolatu du gaurko, "ez bada elkarrekin ez delako posible"

Gasteizko Gaztetxean nahiz campusean izango dira GUETek prestatutako ekimenak; tartean, hipersexualizazioaren inguruko saioa, bazkaria, bertso saioa eta kontzertuak. Goizean, EHUn eta Hezkuntza Sailean azpikontratatutako garbitzaileen protestarekin bat egin du emakume taldeak, Unibertsitateko Indar Batasunako kideekin batera.

Gaurko, otsailak 6, egun osoko egitaraua antolatu du Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Lehenik eta behin, EHUn eta Hezkuntza Sailean azpikontratatutako garbitzaileek egin duten protestara batu dira GUETeko kideak, 11:00etan Lakuan (Araba), Unibertsitateko Indar Batasunarekin batera.

Eguerdian, hipersexualizazioaren inguruan arituko dira Gasteizko (Araba) Gizarte Langintza Fakultatean. Bertan, hipersexualizazioaren auzia jai ereduarekin eta biolentziarekin loturik aztertuko dute, emakume taldeak beharrezkotzat jo baitu "erasoen atzean dagoen oinarri materiala aztertzea".

Ondorengo orduetan bazkaria egingo dute Gasteizko Gaztetxean, eta bingo musikaturako tartea ere izango da jarraian. 17:00ak aldera, bertso saioa eskainiko dute hiru emakume bertsolarik: Maddi Sarasua baionarrak, Garazi Navarro amorotoarrak eta Lurdes Ondaro munitibartarrak.

Arratsaldean sartuta, 19:30ean oholtza gainera igoko dira emakume musikariz osatutako bi talde. Zumarragako (Gipuzkoa) Alter Egok emango du kontzertua lehenengo, eta gero, Iruñeko (Nafarroa) Leizeak taldearen txanda izango da. Gero, ekitaldia izango da GUETen eskutik, urte osoko lana forma artistikoan islatzeko. Azkenik, GUETeko kide ohia den Lilith Selektahren saioarekin amaituko dute egitaraua.

Garbitzaileekin bat

GUETek urteak daramatza unibertsitateko garbitzaileen borroka babesten eta indartzen. Unibertsitateko Indar Batasuna sortu zenetik, elkarlanean jardun dute sektoreko beharginei babesa adierazten; hainbat aldiz adierazi dutenez, "garbitzaileen gaia erabat lotuta baitago emakume langileon zapalkuntzarekin, hain zuzen, lan feminizatu gisara emakumeek egindako lanaren gutxiespen sozialagatik".

Hezkuntza Sailean eta EHUn azpikontratatutako garbitzaileek mobilizazioa egin dute Lakuan, UIBrekin eta GUETekin batera
250 lagun inguru bildu dira Eusko Jaurlaritzaren egoitza parean, eta mobilizazioa egin dute Uni2 zerbitzu-enpresaren egoitzaraino. Unibertsitateetako garbitzaileen sektoreko langileen lan hitzarmena izan da aldarri nagusia.