AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gastu militarrera 40.457 milioi euro bideratuko ditu Espainiako Estatuak, ofizialki adierazitakoa baino ia puntu erdi gehiago

Centre Delàsen esanetan, gobernuak iragarritako igoerak gastu militarra BPGaren %2,48ra eramango du 2025ean. SIPRIk, berriz, munduko gastu militarraren igoera historikoaz ohartarazi du.

Stockholmeko Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuaren (SIPRI) arabera, gastu militar globala 2,7 bilioi dolarrekoa izan zen 2024an, hau da, 2023an baino %9,4 handiagoa. Hazkunde hori azken aldiko historiako hazkunderik handiena izan da, hiru urtean ia %20 igo baita gerrarako inbertsioa.

Testuinguru horretan, Espainiako Estatuak ere joera horrekin bat egiten du, inbertsio militarrak handituz. Pedro Sanchez buru duen gobernuak 2025erako 33.123 milioi euroko gastua egingo duela kalkulatu badu ere, Bakearen Aldeko Ikerketen Centre Delàs zentroak azaldu du gastu erreala 40.457 milioira iritsiko dela aurten, alegia, BPGaren %2,48ra, gobernuak aitortutakoa baino ia puntu erdi gehiago.

Espainiako Gobernuak 2025erako 10.471 milioi euro bideratzea onartu du, gastu militarra BPGaren %2ra igotzeko helburua lortzeko. Hala ere, Centre Delàsek nabarmendu du igoera horren zati bat armamentu-programetara (PEM) bideratzen dela, "defentsarako eta disuasiorako tresnak" edo "lan-baldintzak, prestakuntza eta ekipamendua" kategorien atzean ezkutatuta.

Proiektu aipagarrienen artean, Israelgo Estatuko enpresei egindako armamentu-erosketak daude, hala nola gerra-hegazkinetarako laser izendatzailea den PODa eta Irrati Taktikoaren Sistema Bateratua, Elbit Systems ere barne hartzen duena. Pere Ortega Centre Delàseko ikertzailearen hitzetan, gainera, "tamaina horretako gastu militar batek, osasuna, hezkuntza edo klima-aldaketaren aurkako borroka bezalako funtsezko sektoreetan inbertitzeari uzteaz gain, beste ministerio batzuetan ere murrizketak egotea ekarriko duela aurreikusten da".

Bestalde, SIPRIk erakutsi du AEBetako gastu militarra, munduko rankingaren buruan jarraitzen duena 997.000 milioi dolarrekin, %5,7 hazi dela. Europar Batasunean ere hazkunde esanguratsuak izan ditu inbertsioak, %24ko igoerarekin Mendebaldeko Europan, Alemania bezalako herrialdeek bultzatuta. Bere gastua %28 igo da. Jordi Calvo Centre Delàseko koordinatzaileak dio "potentzia nagusien militarizazioaren aldeko apustuak eta nazioarteko ziurgabetasun politikoak gatazka armatuetan bakea lortzeko aukerak urruntzen" dituztela.

Larunbat honetan izango da 'Gaztetxeak Bertsotan'-en finala, Gernikako Gaztetxe berrian
Egun osoko egitaraua antolatu dute finalaren bueltan. Guztira, 24 bertsolari gaztek parte hartu dute sariketan, eta sei Gaztetxetan aritu dira.