AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gaur emango diote hasiera 'Elkartasunetik, klase batasunera' egitarauari Gasteizen

Gaurtik hasita martxoaren 8ra arte iraungo du 'Elkartasunetik, klase batasunera' egitarauak. Tailerrak, hitzaldiak zein auzolanak prestatu dituzte Arabako hiriburuan, martxoaren 3ari eta 8ari begira. Ekimenen barruan, 1976. urtean Gasteizen eraildako langileak omenduko dituzte martxoaren 2an, eta martxoaren 3an, bloke propioa osatuko dute manifestazioan.

Gaur, otsailak 28, hasiko da Elkartasunetik, klase batasunera egitaraua Gasteizen (Araba). Langileok Haustura Politikoa dinamikak jarri du martxan hamar eguneko ekimena, martxoaren 3ari eta martxoaren 8ari lotuta. Otsailaren 11n aurkeztu zuten jendaurrean.

17:30ean emango diote hasiera egitarauari, Gasteizko Gaztetxean, aurkezpen jaialdiarekin. 18:00etan Langileriaren independentzia politikoa hitzaldia eskainiko du Kolitzak, eta 20:00etatik aurrera kontzertuak izango dira. Igitaia, Miku, Krudo eta Droga Purpura arituko dira oholtza gainean.

Auzolanak eta aldarriak

Martxoaren lehenengoan jarraituko dute jarduerek, Etxebizitza Sindikatuaren espazioetan auzolana eginez. Goiz osoan jardungo dute lanean, eta 14:00etan bazkaria egingo dute Auzolana pilotalekuan. 15:30ean, Iruñerriko Langileen Autodefentsa Sarearen eta Etxebizitza Sindikatuaren arteko solasaldia hasiko da.

Martxoaren 2an, aldiz, 1976. urtean Arabako hiriburuan erail zituzten beharginak omenduko dituzte. Baratza aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan. Martxoaren 3a aldarrikapen eta borroka eguna izango da aurten ere, eta manifestazioaren barruan, bloke propioa deitu du Langileok Haustura Politikoak. 18:00etan irtengo da Rafa plazatik.

Emakume langileak eta antolakuntza

Horren ostean hasiko dira martxoaren 8ari begira prestatutako ekimenak. Martxoaren 5ean, Emakume langilearen ahalduntze politikoaz tailer ez-mistoa egingo dute, 17:00etan Amaia zentroan. Martxoaren 7an, 11:00etan, Antolakuntzan datza iraultza hitzaldia izango da Itaiaren eskutik, Aldabe Gizarte Etxean.

Bestalde, martxoaren 8an mobilizazioetara batzeko deia egin du Langileok Haustura Politikoak.

Amaitu da aurtengo Herri Unibertsitate nazionala
Aurten ere, ehunka lagun elkartu dira Leioako campusean, Herri Unibertsitate nazionalean parte hartzeko. Asteazkenean hasi zen egitaraua, eta hamaika gai zeharkatuz, proletarizazioa, emakume langileen menderakuntza edota sindikalgintza forma berriak landu dituzte bertaratutakoek. Atzo, jaialdi batekin itxi zuten aurtengo edizioa.