AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gaur helduko da Cartagenara 'Borkum' ontzia

Armak daramatza itsasontziak, eta Israelgo Estatu sionistara doala seinalatu dute susmo bezala hainbat erakundek. Espainiako Gobernuak ezetz erantzun du, eta esan du agiriak "behar bezala" dituela itsasontziak.

Hamaika zalantza eta susmo sortuta, baina gaur iritsiko da Borkum izeneko ontzia Cartagenara (Murtzia). Armak eta lehergailuak daramatza itsasontziak, eta, momentuz, susmagarria da bere helmuga. Atzo ohartarazi zuen Gobernuz Kanpoko Erakunde batek: bere beldurren berri eman zuen, Borkum Israelgo Estatura ez ote doan galde eginda.

Espainiako Gobernuko buru PSOEk gezurtatu egin du hori. Adierazi du ontzia ez doala estatu sionistara, Txekiar Errepublikara baizik, eta agiriak "behar bezala" omen dituela. Ustez, Alemaniakoa da Borkum-en jabea.

Espainiako Garraio ministroak, Oscar Puentek, Kanaria Handian ontziari emandako zirkulazio-baimena argitaratu du berriki, X sare sozialaren bidez. Agiri horren arabera, Indiatik irten zen Borkum, eta Txekiar Errepublikara doa. Dena den, ez dago zalantzarik ontziak daraman materialaz: armak dira. 32 arma-edukiontzi daramatza, karga lehergaiarekin, baita trilitotuluenozko kartutxodun zortzi edukiontzi ere.

Teorian, arma-komertzioari buruzko itunak debekatu egiten du, Espainiako Estatuan, "genozidio bat gauzatzeko" erabiliko diren armak mugitzea eta zirkulatzea.

Gobernu aurrerakoia eta sionistak

Itxuraz Espainiako Gobernuak palestinarren kontrako sarraskia gaitzetsi eta Palestina babesten duen arren, errealitatean, mantendu egiten ditu askotariko harremanak Israelgo Estatu genozidarekin; hala nola, harreman diplomatikoak eta komertzialak.

Rescop sareak berriki salatu duenez, Espainiakoa da estatu sionistari iazko azaroan arma gehien esportatu zizkion estatua, eta sionistek palestinarren kontra erabilitako eta probatutako armak erosten jarraitzen du.

Martutenen, etxerik gabeko hamabi pertsona bota dituzte etxe batetik
Kaleratuak izan diren pertsonek denbora daramate Oion Etxean bizitzen, eta hilaren hasieran bota zituzten jada bertatik. Orain, berriz kanporatu dituzte polizia-indarrek, eta atzerritartasunari lotuta eraman dituzte atxilo haietatik zortzi.