AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gazako Zerrendan, ia 10.000 haurrek jasaten dute desnutrizioa

Zerrenda hegoaldean 3.000 ume daude hiltzeko arriskuan, desnutrizioagatik. Iparraldean, hiru haurretik batek pairatzen zuten desnutrizio akutua martxoan. Azken zortzi hilabeteetan, gutxienez 33 palestinar hil dira gosez Gazan.

Alderdi asko ditu Israelgo Estatu sionista palestinarren kontra egiten ari den sarraskiak. Urriaren 7tik hona, Gazako Zerrendan soilik, 37.000 palestinar baino gehiago erail dituzte sionistek. Zaurituak 85.000 baino gehiago dira, eta desagertuak 10.000tik gora. Azken kalkuluen arabera, gainera, 2 milioi lagunek egin behar izan dute ihes euren etxeetatik eta lurretatik, sionisten erasoetatik ihesi.

256 egun igaro dira estatu sionistak oldarraldi militar masiboari ekin zionetik Gazan. Eta aipatutako datu beldurgarriez gain, indar sionisten oldarraldiak badu beste alderdi bat: palestinarrak jasaten ari diren egarria eta gosetea, sionistek inposatutako blokeoaren (baita nazioartetik bidalitako laguntza humanitarioari ere) eta behartutako ihesaren ondorioz, besteak beste. Azken informazioek diotenez, gutxienez 33 palestinar hil dira gosez azken zortzi hilabeteetan, baina desnutrizioa orokortua da.

Zerrendako haurrei buruzko zenbait datu argitaratu dituzte Munduko Osasun Erakundeak eta Unicefek, esaterako. Azken hilabeteetan, 5 urtetik beherako gutxienez 1.600 haurri diagnostikatu diete desnutrizio akutu larria, eta 8.000ri desnutrizio akutua.

Unicefek ohartarazi du Gaza hegoaldean 3.000 haur daudela hiltzeko arriskuan, desnutrizioa dela-eta. Izan ere, Rafahren kontrako azken eraso sionisten eraginez, are zailtasun gehiago daude ume horiek artatzeko, eta arriskua biziagotu da. Azken erasoen aurretik, Gaza hegoaldeko 3.800 haur ari ziren desnutrizioaren aurkako tratamendua jasotzen, Unicefen esanetan.

Joan den martxoan Unicefek berak eman zituen datuak kezkagarriak ziren jadanik. Gaza iparraldean, haurrek jasandako desnutrizioa %15,6tik %31ra igo zen 2024ko lehen hiru hilabeteetan. Martxoan, hortaz, hiru haurretik bat zeuden desnutrizioak jota Zerrenda iparraldean.

Itaiak azken eraso matxistak salatu ditu Gasteizen eta Iruñean
Aurreko asteburuan, adin txikiko emakume bat bortxatu zuen gizon batek Gasteizko Ibailakuan. Burlatan, berriz, emakume bat itotzen saiatu zen beste gizonezko bat. Beste hainbat erasoren berri ere eman dute azken egunetan.