AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gazte bat epaituko dute irailaren 1ean, Legutioko Desjabetuon Hotelaren husteari lotuta

Iazko ekainean hustu zuten Langile Kontrolpeko Espazioa, eta bi lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Hamahiru hilabeteko kartzela-zigorrak eta 3.600 euroko isunak eskatu dituzte haientzat. Irailaren 1ean izango da aurreneko epaiketa, eta Gasteizko epaitegiaren aurrean elkarretaratzera deitu du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak.

Urtebete baino gehiago igaro da Legutioko (Araba) Zentro Sozialista hustu zutenetik. Prozesu judiziala zenbait urtez luzatu ostean, iazko ekainaren 28an izan zen Desjabetuon Hotelaren desalojoa. Hustearen kontra protesta egiteko Legution bildu ziren gazteen kontra gogor egin zuen Ertzaintzak: hainbat eta hainbat lagun zauritu zituzten polizia-indarrek Zentro Sozialista aurrean, eta bi pertsona eraman zituzten atxilo.

Gaur-gaurkoz, atxilotu zituzten bi lagun horiek auzipetuta daude. Epaitu egingo dituzte, eta, orotara, hamahiru hilabeteko espetxe-zigorrak eskatzen dituzte haientzat, baita 3.600 euroko isunak ere.

Irailaren 1ean izango da aurreneko epaiketa, auzipetutako bi gazteetako baten kontrakoa. Gasteizen (Araba) epaituko dute, eta protestara deitu du Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak: egun horretan, 10:30erako, Gasteizko epaitegira bertaratzera deitu du. "Langile Kontrolpeko Espazioen defentsaren aurkako erasoak" salatuko dituzte protestan, bi auzipetuei babesa emateaz gain.

Langile Kontrolpeko Espazioak, jopuntuan

"Honako hau jardun politiko independentea aurrera eramateko oinarrizkoak diren espazio orok bizi duen egoeraren beste adierazle bat baino ez da, geroz eta zailagoa baita espazioak eskuratzea, normaltasunez erabiltzea eta defendatu ahal izatea", esan du Defentsa Komunitateak, epaiketaren harira. Adibide modura aipatu ditu "Langile Kontrolpeko Espazioek etengabe jasan behar dituzten desalojoak, identifikazioak, prozesu judizialak, isun itogarriak zein beste hainbat eraso".

Ofentsiba horri guztiari aurre egitea ezinbestekotzat jo du Defentsa Komunitateak; "elkar defendatzeko konpromisoa oinarri izanda, errepresioari kolektiboki aurre egin eta espazioen defentsa ahalik eta modu eraginkorrenean antolatzeko baliabideak egituratzen jarraituz".

Beto politikoari aurre egin eta txosna bat jarri dute Gasteizko GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak
Mugimendu Sozialistako bi eragileen aurkako beto politikoa mantentzen du Gasteizko Txosna Batzordeak: beste urte batez, ukatu egin die ohiko txosnagunean toki bat izatea. Hala ere, jaiei begira, hainbat ekimen antolatu dituzte GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak, eta larunbatean txosna bat jarri zuten txosnagunearen ondoan. "Egoera honek irtenbide bat behar du", aldarrikatu dute berriz.