AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

German Rodriguezen omenezko oroitarriari eraso diote Iruñean

Oroitarriak daukan plaka kentzen saiatu da nor edo nor, eta apurturik dago. Rodriguez Espainiako Poliziak erail zuen 1978ko sanferminetan, tiroz.

Joan den asteburuan eraso diote German Rodriguez oroitzeko monumentuari Iruñean (Nafarroa), aurretik hamaika aldiz gertatu bezala. Plaka bat dago Germanen estela oroitarriaren ondoan, harrizko euskarri baten gainean, eta honela dio: "German Rodriguez Saizen oroimenez. Poliziak tiroz hil zuen 1978ko uztailaren 8an". Aurreko asteburuan, zehazki, plaka hori kentzeko saiakera egin zuen nor edo nork, baina ez zuen lortu. Hala ere, saiakeraren ondorioz, hautsi egin da xafla.

Aurretik ere hainbatetan egin diote eraso oroitarriari: mailukadaka nahiz lehergailuen bidez apurtu izan dute, eta plakaren gainean Espainiako bandera margotu izan dute. 1978an polizien bortizkeria jasan zuten pertsonen omenezko Gogoan eskulturari ere hainbatetan eraso diote.

German Rodriguez polizia-indarrek erail zuten 1978ko uztailaren 8an, San Fermin festetan. Egun horretan, amnistia osoa aldarrikatzeko pankarta bat zabaldu zen Iruñeko zezen plazan, eta Polizia Armatuak bortizki esku hartu zuen orduan: plazan sartu ziren hainbat eta hainbat agente, eta han zeudenen kontra gogor oldartu ziren. Gutxienez 150 lagun zauritu zituzten, eta ikasle bat erail zuten tiroz; kopetan zeukan tiro bat josita. Hilketaren 44. urteurrena izan zen iazkoa, eta hiltzaileen inpunitatea salatu zuten beste urte batez Rodriguez oroitzeko ekitaldietan.

Bizkaian atzemandako sexu-esplotazio sareak direla-eta, Itaiak protestara jo du Bilbon eta Getxon
Emakumeen sexu-esplotaziorako bi sareren berri eman dute Bizkaian azken asteetan. Horietako baten bidez, Bilboko eta Getxoko hainbat lokaletan eta etxetan prostituitzen dituzte gutxienez 43 emakume. Itaiak protestak egin ditu aste honetan bi herri horietan. "Sexu-esplotazioarekin amaitzeko, emakumeok prostituitzera behartzen gaituzten baldintza materialak eta sozialak borrokatu behar ditugu", nabarmendu dute Itaiako kideek.