AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gernikan, gizonezko batek hiru urtez egin zizkion sexu-erasoak emakume adingabe bati

Neskak 13 urte zituenean hasi ziren erasoak, gizonezkoa bere kirol entrenatzailea zenean eta 31 urte zituenean. Lointek Gernika kirol klubean, gainera, hainbat emakume kirolariri tratu txarrak eman dizkie gizon berdinak. Erasoak isilpean gordetzeko eskatu zien neskei klubak.

Berriki jakinarazi dute emakume batek, Gernikan (Bizkaia), hiru urtez jasan behar izan dituela gizon batek egindako sexu-erasoak. Lointek Gernikan entrenatzaile aritutako eta orain arte kirol zuzendari izandako Mario Lopez da erasotzailea, hain zuzen ere.

Emakumeak 13 urte baino ez zituen Lopezek aurreneko aldiz eraso egin zionean. 1998ko udan izan zen: neskaren saskibaloiko entrenatzailea zen Lopez, Allende Salazar eskolan, eta 31 urte zituen garaian. Gizonak hiru urtez egin zizkion sexu-erasoak neskari, modu jarraituan. Gero, gainera, Lointek Gernika klubean ere kointziditu zuten biek.

Hori gutxi balitz, Lointek Gernika klubean beste hainbat emakume kirolariri ere tratu txarrak eman dizkie Lopezek, argitara atera dutenez. Inpunitate osoz eraso die hainbat neskari, klubak gertatutakoen berri izan arren, erasotzailea babestu baitu: erasoak isilpean gordetzeko eskatu zien erasotuak izan ziren emakumeei.

Eraso horien guztien harira, Busturialdeko Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak babes osoa eman die hainbeste urtez Lopezen "tratu txarrak jasan dituzten emakume adingabe eta gazte guztiei". Gogor salatu du "erasotzaileek orokorrean duten inpunitatea, edozein motatako erasoak egiteko". Itaiako kideek seinalatu dute, gainera, Gernikan gertatutakoak argi erakusten duela nola aldarrikatzen duten berdintasuna enpresek, instituzioek eta kirol taldeek, "bitartean erasotzaileak babesten" dituztenean.

Euskal Herriko Kontseilu Sozialista sortu dute
1.500 lagunetik gora batu dira Eibarren, aurrerantzean Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren erreferente politiko nagusia izango den antolakundea aurkezteko. Krisi kapitalista bete-betean, uste dute alternatiba sozialista bat antolatzeko aukera inoiz baino indartsuagoa dela eta komunismoak, programa politiko gisa, inoiz baino gaurkotasun handiagoa duela; hala, komunismoa langileon artean hegemoniko bilakatzeko egingo du lan Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak. Alderdi parlamentarioei kritika egin die, eta politika horretatik kanpo antolatzera deitu du. 'Estrategia sozialista berria' jasotzen duen dokumentu baten eskutik aurkeztu dute antolakunde berria, eta datozen asteetan ere aurkezpenak egingo dituzte hamaika eskualdetan eta hiriburutan.