AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gipuzkoako zahar etxeetako langileek 200 egun bete dituzte greban

Mobilizazioekin jarraitzen du sektoreak, azken negoziazioek ez baitute beharginek bilatzen zuten emaitza eman. Patronalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren partetik "mespretxua" jasotzen ari direla salatu dute langileek. Borroka aurrera eramateko hamaika oztopo ere seinalatu dituzte, eguneko ordu lanpetuenetarako %90eko gutxieneko zerbitzuak ezarri dizkietelako.

Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileen borrokak 200 egun bete ditu gaurkoan. Negoziazio mahaiaren azkeneko bileran patronalak eginiko proposamena "onartezintzat" jo ostean, grebarekin jarraitzeko hautua egin zuten langileek. Azken lan hitzarmen kolektiboa 2017. urtekoa da, eta ordutik, patronalak ez du baldintzak eguneratzeko prestutasunik azaldu.

Atzoko greba orokorrean, euren grebaldiko 199. eguna bete zuten zahar etxeetako beharginek. Hala ere, sektorea osatzen duten 5.000 langileen artean gehiengoak ezin izan zuen egun osoan zehar mobilizazioetara batu, izan ere, ordu lanpetuenetan %90ekoak dira ezarri zaizkien gutxieneko zerbitzuak.

Bazterketa

Langileek "arduragabekeria" egotzi diete patronalari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari. Generoaren ondoriozko soldata-arrakala justifikatzeko, honakoa argudiatu zuen patronaleko buruetako batek Gipuzkoako Batzar Nagusietan: "Sektore hau ez da sekula maskulinizatua izango, gizonezkooi ez zaigulako inporta emakumeek garbi gaitzaten, baina emakumeek ez dute nahi gizonezkoek garbi ditzaten".

Aldundiak, bestalde, auzia "bere eskumena ez dela" dio. Beharginen iritziz, "beste aldera begiratzen du". Dirua hark jartzen duen heinean, paperaren gainean patronala ez den arren, "Aldundiak patronal figura betetzen du", langileen arabera.

Torlojuen legez

Argia aldizkariak eginiko elkarrizketan, lan erregimenean "denbora kronometratua" dutela adierazi du Aitziber Aranberri langileak. Lanaren ordenamendua "torlojuak izango balira bezala" jardun dezaten prestatua dagoela dio, eta eurek "pertsonekin egiten dutela lan, ez torlojuekin". Aranberriren esanetan, zaintza sistema "ezin da horrela eraiki".

"Greba proletalgoaren gidaritzapean kokatzeko apustua" berretsi du GKSk, atzoko greba orokorraren inguruko adierazpenean
Atzoko grebari dagokionean, "proletalgoak greba egiteko eta borrokatzeko baldintzak" izan zitzan "aletxo bat jartzen ahalegindu" dela azaldu du Gazte Koordinadora Sozialistak. "Klase independentzia aldarrikatzen zuten blokeen" balorazio "oso positiboa" egin du: "Gero eta espazio zabalago batek bere egiten du langileon independentzia politikoaren bidez ekiteko beharra". Sakondu beharreko elementuen artean, "antolakuntza ofizialak prozesua langileriaren parte hartzerik gabe gauzatu" izana azpimarratu du, baita "borroka ereduaren inguruko eztabaida" ere: "Grebarako erraztasuna duten sektoreek, langile batasunaren bidez, sektore proletarizatuen greba eskubidea bermatzeko ardura izan beharko lukete". GKSk berretsi egin ditu "greba langile klase osoaren tresna bezala erabiltzeko apustua" eta "greba proletalgoaren gidaritzapean kokatzeko apustua", "langile ororen baldintza ekonomiko eta politikoak eskuratzeko tresna eraginkor modura ulertuta".