AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

GKSk protestara deitu du Villabonan, jazarpen polizialaren aurka

Poliziak hainbat gazte jazarri zituen Villabonan larunbat gauean, eta pertsona bat atxilotu zuen musika jartzeagatik; epaiketaren zain dago orain. Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratze bat antolatu du Tolosaldeko GKSk, gaur arratsalderako.

Joan den larunbat gauean ere "itogarria" izan zen polizia-indarren presentzia Villabonan (Gipuzkoa) eta Zizurkilen (Gipuzkoa), Tolosaldeko Gazte Koordinadora Sozialistak azaldu duenez. Goizaldeko 05:00etan Villabonako Errebote plazan zeuden gazteen aurka oldartu ziren polizia-agenteak: "Zenbait gazte jazarri zituzten eta, horren ondorioz, gazte bat atxilotu zuten bozgorailu batean musika jartzeagatik".

Ziegan igaro behar izan zuen gaua atxilotuak, eta zenbait kargu leporatzen dizkiote orain. Epaiketaren zain dago.

Protesta, gaur

Atxilotua izan zen gazteari nahiz jazarriak izan ziren guztiei elkartasuna adierazi die Tolosaldeko GKSk eta, gertatutakoa salatzeko, protestara deitu du gaurko, urtarrilaren 31rako. Villabonako Errebote plazan izango da elkarretaratzea, 19:30ean.

"Azken hilabeteotan bizi izan ditugun gertakariak, gazteon aurkako identifikazioak, kontrolak, jarraipenak... areagotzen ari direla ikusten dugu", salatu dute GKSko kideek. "Auzia honakoa da: politikari profesionalek behin eta berriro ezabatu dizkigute eskubideak, sozializatzekoak eta harremantzekoak, kasu. Gazteon gaineko kriminalizazioa goraka doa eta edozein aitzakia da erabilgarria gureak diren eskubide politikoak ukatzeko", diote. "Eskubideen murrizketen eta ezabapenen testuinguru bat bizitzen ari gara, eta hemen gertatutakoa horren adibide da".

Hala, jopuntuan jarri dituzte Aiztondo bailarako hainbat udaletan gobernuan den EH Bilduk proposatutako neurriak: "Guretzat ez da irtenbidea poliziak gazteak intimidatzera, jazartzera eta erreprimitzera bidaltzea".

Horren ordez, "askatasun unibertsalen aldeko hautua" egiten dutela azaldu du GKSk, "sozializatzeko espazio egokiak izango dituena eta atsedena bermatzen duena". "Eta ikusten ari gara hori ez dela gauzagarria irabaziak lehenesten dituen eta miseriaz beteta dagoen gizarte honetan", ondorioztatu du. Beharrezkotzat jo dute, hala, sozialismoaren eraikuntza.

Milaka gazte langilek kaleak hartu dituzte Bilbon eta Iruñean, burgesiaren diktaduraren aurka
Gazte Koordinadora Sozialistak 7.000 pertsonatik gora batu ditu ofentsiba ekonomiko eta politikoari aurre egiteko borrokan.