AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

GKSren pankarta bat aitzakiatzat hartuta, hainbat aldarri kendu zituzten Iruñeko Sadarren asteburuan

GKSk urtarrilaren 28rako antolatu dituen mobilizazioetara deitzeko, pankarta bat zabaldu zuten Sadarren joan den larunbatean. Horren aitzakiapean, beste hainbat aldarri erretiratu zituzten poliziek futbol-zelaian; esaterako, ikurrinak eta Nafarroako bandera bat.

Gero eta gutxiago geratzen da Gazte Koordinadora Sozialistak "enpresarien eta agintarien erasoaldia" salatzeko antolatu dituen mobilizazioetarako: urtarrilaren 28an, Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) izango dira manifestazioak, 18:00etan hasita. Euskal Herri osoan zehar ikus daitezke mobilizazio horietara deitzeko mezuak, eta Iruñeko Sadar futbol-zelaian ere presente izan zen deialdia aurreko asteburuan: Osasunaren partidan pankarta bat zabaldu zuten Hego Harmailan, U28 Gazte langileok Iruñera borrokara leloarekin.

Ondoren, eta pankarta hori aitzakiatzat hartuta, agindu bat eman zuen Espainiako Poliziako koordinatzaileak: beste pankarta eta ikur batzuk kentzea. Besteak beste, bi ikurrina eta Nafarroako bandera bat erretiratu zituzten harmailetatik agenteek. Tentsio-une batzuen ostean, aldarriak berriz jartzen utzi zuten. Osasunako zuzendaritzak barne-ikerketa bat jarri omen du martxan, gertatutakoa eta aldarriak kendu izana ikertzeko.

Zorrotz kontrolatzen dituzte futbol-zelaietako animazio-harmailak Espainiako Estatuan ere; esaterako, harmailetan dauden pertsonak kontrolatzeko detektagailuak dituzte martxan Bartzelona, Real Madril, Atletico Madril, Betis edo Valentzia taldeen zelaietan. Ertzaintzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere neurri berdina ezar zezatela eskatu zuen iaz.

Langile bat hil da Zestoan
Ostegunean, lan egiten zuen enpresako aldagelan ondoezik sentitu zen behargina, eta handik gutxira galdu zuen bizia ospitalean. Aurten, hiru lan-heriotza izan dira jada Euskal Herrian.