AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Goierriko ikasleek hainbat eskakizun luzatu dizkiote Txindoki ikastetxeko zuzendaritzari

Ikasle Abertzaleaken kanpaina politikoaren eskutik, Goierriko IAk, GASek eta Txindoki Morea emakume taldeak bat egin dute 'Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu' lemapean. "Funtsezko edukiak ematera mugatzea" eta "ebaluazio mekanismoen gaineko informazioa" izatea aldarrikatzen dute, besteak beste.

Herenegun, hilak 20, Goierriko (Gipuzkoa) hainbat ikaslek bi eskaera egin zizkioten Txindoki ikastetxeko zuzendaritzari, ohar bidez. Horretaz gain, Ikasle Abertzaleakek martxan jarritako dinamikara atxikitu dira hezkuntza esparruko eragileak; hala nola, Goierriko IA, Goierriko Ikasle Autodefentsa Sarea eta Txindoki Morea emakume taldea.

Salbuespen egoerak sorturiko testuinguruari dagokionean, "aurretik zetorren krisi ekonomikoaren sakontzeari" eta "langile klaseko kideon bizi baldintzen okertzeari" egin diote azpimarra. Hori horrela, ikasleak ere ikasturtea aurrera ateratzeko "baldintza gordinetan" dabiltzala seinalatu dute.

ESKAKIZUNAK

Txindokiko zuzendaritzari zuzendu dioten oharrean, bi eskaera nagusi aurkeztu dituzte:

  1. Funtsezkoak diren edukiak soilik ematera mugatzea, beharrezko azalpen, baliabide teoriko eta zuzenketekin. Batxilergoko lehen mailari dagokionez, eduki osoaren murrizketa eskatu dute, eta bigarren mailari dagokionez, aldiz, selektibitatean sartzen den edukia bakarrik lantzea.
  2. Ebaluazio mekanismoen gaineko informazioa, eta horiek zehazterako orduan "ikasleen interesak kontuan hartzea".

URRATS IRMOAK

Dinamika politikoaren baitan, eskualdeko gainontzeko ikastetxeetako baldintzetara egokituko diren borrokei eusteko prestutasuna azaldu dute Txindoki Moreak, GASek eta IAk. "Ikasle langileen alde hobekuntzak lortzeko posizioa" berretsi dute, eta horretarako, "eskura dituzten baliabide guztiak" eskainiko dizkiete ikasleei.

Dei egin diote ikasleriari "indarrak batzera" eta "urgentziari erantzutera". Euren beharrak asetzeko bide bakarra "ezagutza eta gaitasunak antolatzea" dela baieztatu dute, gainera.

Laudioko Aiala Vidriok plantilla osoa behartu nahi du lanera itzultzera
"Normaltasunera bueltatzea" da Laudioko Aiala Vidrioko zuzendaritzaren asmoa, ekoizpen osoa mantenduta eta behargin guztiak lanera joatera behartuta. Duela hiru aste adostu zuen langile batzordearekin "fabrikan langileen presentzia ahalik eta gehien murriztea", baita aldi baterako enplegu erregulazio txosten bat atzera botatzea ere.