AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba egin dute berriro Gipuzkoako garbiketako langileek

Atzo 5.000 garbitzaile inguru zeuden grebara deituta, gehienak, emakume langileak. Enpresa pribatuetan nahiz udaletan izan du eragina lanuzteak. Ikasle mugimenduak ere babesa adierazi die beharginei, Unibertsitateko Indar Batasunak antolatutako elkarretaratze baten bidez: 'Ez zaudete bakarrik'.

Mobilizazio eta borroka eguna izan zuten atzo, hilak 18, Gipuzkoako garbikuntza arloko langileek. Denera, 5.000 behargin inguru aritzen dira soldatapean sektore horretan, enpresa hitzarmenak dituztenak zenbatu gabe; eraikinak garbitzen jarduten dute gehienek (%85), eta horietatik, emakume langileak dira %80 inguru. Urtebetetik gora daramate hitzarmena berritu nahian, eta martxan da negoziazio mahaia ere; dena den, patronalak "betoak jartzen" jarraitzen duela salatu dute.

Atzo goizean, langileek mobilizazioak egin zituzten Donostiako (Gipuzkoa) Alde Zaharrean. Berria-n azaldu dutenez, "oso atomizatuta" dago sektorea, baina zailtasunak zailtasun, lanuzteak eragina izan du enpresa askotan -Ulman, Fagor Automationen, BMn, Zara Homen, Oyshon, La Caixan eta Laboral Kutxan, adibidez-, baita udaletxe batzuetan ere.

ELA eta LAB sindikatuek nabarmendu dutenez, kale garbitzaileen aldean, %28 gutxiago kobratzen dute sektore feminizatu horretako beharginek. %80 inguru lanaldi partzialean ari dira, eta modu horretan egiten dizkiete ia kontratu berri guztiak.

Emakume langileak borrokan

Azken urteetan hamaika borrokak azaleratu dute emakumeak nagusi diren sektore horietako errealitatea. Horren eredu dira, esaterako; Gipuzkoako adinekoen egoitzetako beharginek martxan jarritako greba luzea, Elorrioko (Gipuzkoa) Udaleko garbitzaileek bizitako gatazka, edota sektore bereko soldata berdintasunaren alde Nafarroan mobilizazioak egin dituzten emakume langileen kasua. Baita EHUko garbitzaileena ere, hitzarmenaren alde mobilizatzen jarraitzen baitute.

UIB: 'Ez zaudete bakarrik'

Unibertsitateko Indar Batasunak ere bat egin du garbitzaileen aldarriekin. UIBk nabarmendu izan duenez, "unibertsitateko langile sektore desberdinen batasuna erdiestea" du apustutzat. EHUn aritzen diren garbitzaile borrokarekin bat eginez, mobilizazio bateratuak egin dituzte azken asteetan, eta bide beretik, atzo kalera atera ziren beharginei ere babesa adierazi zien UIBk. Elkarretaratzea egin zuten Ibaetako (Gipuzkoa) campusean, eta dozenaka lagun elkartu ziren Garbitzaileak, ez zaudete bakarrik lelopean.

Greba mugagabean segitzen dute Arabako Elecnor enpresako langileek, bigarren astez
Irailean hasi ziren mobilizatzen Arabako Elecnor enpresako langileak, eta joan den astean ekin zioten greba mugagabeari. Enpresako zuzendaritzak ez du lan baldintzak hobetzeko borondaterik erakutsi: duela bi hilabeteko proposamen bera egin dietela salatu dute beharginek, eta idatziz ezer aurkeztu gabe. Telefonicako azpikontratatuek, euren egoeraren berri eman asmoz, elkarretaratzeak egingo dituzte Gasteizen eta Bilbon.