AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba egingo dute berriro Osakidetzako garbitzaileek

Otsailaren 27tik martxoaren 5era arte egingo dituzte lanuzteak; hutsik dauden lanpostuak betetzeko sistema hobetzearen, erretiro partzialen eta Osakidetzako langileekiko homologazioaren alde, besteak beste. Osakidetza eta hark azpikontratatutako enpresak egoeraren erantzule direla seinalatu dute garbiketako beharginek.

Osakidetzako garbiketa-zerbitzuko hitzarmenak bost urte daramatza berritu gabe eta, langileek salatu dutenez, 50 bilera baino gehiago egin dituzte ordutik zerbitzuaz arduratzen diren hainbat enpresarekin. Elkarrizketek huts egin dute, ordea, eta negoziazio-prozesua "hasieran bezala" dagoela azpimarratu dute garbitzaileek.

2022ko abenduan hiru greba egun egin zituzten eta, orduan bezala, garbiketako beharginen lan-baldintzak Osakidetzako gainerako langileen baldintzekin parekatzea da aldarrikapen nagusia. Zehazki, osasun-zerbitzuko gainerako langileek dituzten hainbat eskubide, lanpostuetan ordezkagarritasuna izatea bermatzen duten erretiro partzialak, laneko hutsegiteak betetzeko sistema "zabalago eta bidezko" bat, nahiz "karera profesionaleko deialdietarako sarbidea" galdegiten dituzte Osakidetzako garbitzaileek.

Hitz batean, Osakidetzako langileekiko homologazioa exijitzen dute. Azpikontratatutako enpresak blokeoaren errudun modura seinalatu dituzte, garbitzaileen iritzitz, "jarrera erosoa" hartu baitute haiek, ardura Osakidetzaren esku utzi baitute. "Egoera desblokeatzea" exijitzen diote Osakidetzari, jada ez baitute enpresen erantzunik jasotzen.

Ukrainara armak presaz bidaltzeko eskatu die aliatuei NATOk
Armak eta munizioa Ukrainara azkar bidaltzea premiazkotzat jo du NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek. Ukrainari gudurako hegazkinak ere eskaintzea jarri du mahai gainean aste honetan. Armen ekoizpena eta gerrarako gaitasunak nola indartu ari da pentsatzen NATO.