AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba hasi dute Arabako Glovoko beharginek, lan baldintzak hobetzea helburu

Glovo enpresak hainbat aldaketa jarri ditu martxan azkenaldian, tartean, gutxieneko komisioaren murrizketa. Neurri berriei aurre egiteko eta lan baldintzen hobekuntza erdiesteko borrokaldia hasi dute, beraz, Arabako langileek. Enpresa haiekin harremanetan jarri ezean, mobilizazio eta greba gehiago egingo dituztela iragarri dute. Lanuztearekin bat egin duten langileak zigortu ditu Glovok dagoeneko.

Iragan larunbatean, urtarrilak 18, grebari ekin zioten Glovo enpresarentzat Araban lan egiten duten banatzaileek. Helburua, argia: lan baldintzen hobekuntza eta "irabazi duinak" lortzea. Azken hilabeteetan lan baldintzen hainbat aldaketa jarri ditu martxan Glovok, besteak beste, gutxieneko komisioaren murrizketa.

Uztailean, 2,50 eurotik euro batera jaitsi zuen beharginek banaketa bakoitzeko irabazten duten komisioa; bestalde, ordaindu gabeko soldatak, fakturazioan izan diren atzerapenak zein baldintzen okertze orokorra jarri dituzte jopuntuan langileek. Gainera, gogorarazi dute "autonomo faltsu" modura jarduten dutela guztiek, eta euren gain geratzen direla Gizarte Segurantzaren zein BEZaren ordainketak. Hori guztia dela-eta, borrokaldia abiatzeko erabakia hartu dute Arabako banatzaileek.

Zigorrak

Enpresa haiekin harremanetan jarri ezean, mobilizazioekin eta grebekin jarraituko dutela iragarri dute. Hogei behargin inguruk egin dute bat lanuztearekin, eta salatu dute dagoeneko haien aurkako neurriak hartu dituela Glovok. "Bikaintasun sisteman" puntuak kendu dizkie; ondorioz, murriztu egin dira haiei egokitutako lanorduak.

Lasarteko Michelineko langileak lanuzteak egiten ari dira, lan baldintzen hobekuntza lortzeko
Dagoeneko hainbat lanuzte egin dituzte Lasarteko Michelin enpresako beharginek, lan baldintzak borrokatzeko. Enpresa zuzendaritzak soilik %0,5eko soldata igoera proposatu du lau urterako, baita lanorduen igoera bat ere, lantokiko zenbait eremutan. Neurri horiek "bidegabeak" dira langile batzordearen iritziz. Hala, urtarrilean, ordubeteko lau lanuzte egingo dituzte langileek, eta otsailean, zortzi orduko bi. Urtarrileko lehen bi deialdiak "arrakastatsuak" izan dira langileen esanetan, eta hilaren 22an eta 29an izango dira hurrengoak.