AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greba mugagabea abiatu dute gaur Gasteizko kirol jardueretako begiraleek eta sorosleek

Gasteizko kirol jardueren sektoreko langileek greba mugagabea hasiko dute gaurtik aurrera, Gasteizko Udalari eta kirol instalakuntzetako enpresa esleipendunei lan-baldintzak hobetzea exijitzeko. COVID19-aren aurkako neurriekin batera, murrizketak egitea leporatzen diete. Abuztuaren 10ean hasi zuten borrokaldiak erantzun handia izan zuen; eten baten ostean, gaur ekin diote berriro borrokari.

Gasteizko (Araba) hainbat kirol instalakuntzetako sorosleek eta begiraleek euren lan-baldintzen aldeko borroka abiatu zuten abuztuan; gaur, greba amaigabea abiatu dute. Langileek aurreko asteetan salatu dutenez, Gasteizko Udalak eta enpresa esleipendunek COVID-19aren hedapenaren testuinguruan hartutako hainbat neurrik sakondu egin dute euren lan-baldintzen kaskartzean. Aurretik greba egiteko eman zituzten arrazoiei, gainera, behargin baten kaleratzea, "udalak greba boikoteatzeko eginiko saiakerak" eta azken bilera "etsigarriak" gehitu dizkiete gaurkoan.

Abuztuaren 10ean hasi zuten borrokaldia Gasteizko begirale eta sorosleek, egunero lau orduko lanuzteak eginez. Tartean, etenaldi bat egin zuten negoziazioak aurrera zihoazela eta, haien "borondate ona" erakusteko; aurrerapenik ez bazegoen, ordea, gaur greba mugagabea hasiko zutela ohartarazi zuten.

Borrokari ekin ziotenetik, koronbirusa "aitzakiatzat" hartuta kirol jardueren sektorean egindako murrizketak salatu dituzte beharginek. Azaldu dute, hilabete eta erdiko enplegua eta soldata galdu dituztela eta ez dutela enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienterik izateko aukerarik izan.

Langileen esanetan, sektorean "behin-behinekotasun handia" da nagusi, eta "kaotikoa" eta prekarioa da egoera. Gaineratu dute ez daukatela birusaren aurrean babesteko behar bezalako ekipamendurik eta protokolorik. Bestalde, langileek salatu dutenez, haien aldarrikapenen eta borrokaldiaren aurrean, udala eta enpresak "pilota elkarri botatzen" ari dira.

Aurrez egin zituzten lau orduko lanuzteek jarraipen handia izan zuten langileen artean, eta horrela, udalak Mendizorrotzeko eta Gamarrako igerilekuak itxi behar izan zituen beharginen etenaldietan.

Altsasuko Ospa Egunaren deitzaileak salatuko ditu Guardia Zibilak
Aurreko larunbatean izan zen Ospa Eguna Altsasun, eta ehunka lagunek bete zituzten kaleak, errepresio indarrek "alde egitea" exijitzeko. Hainbat hedabideren esanetan, Guardia Zibilak salatu egingo ditu ekimenaren antolatzaileak, osasun-neurrien aitzakiapean. Dena den, "Guardia Zibilarekiko keinu lizunak" ere leporatuko dizkiete, besteak beste. Lizarrako Pikutara mugimenduak bat egin zuen deialdiarekin, eta salatu du, azken hiruhilekoan, gora egin dutela polizia indarren kontrolek eskualdean.