AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Grebak Tolosako hiltegian, Elizondoko Benito Mennin eta Gasteizko lorezaintzan

Bi astetik gora daramatzate greban Tolosan eta lau aste Elizondon, euren lan-baldintzen defentsan. Gasteizko lorezaintzako langileek hilaren 26an joko dute greba mugagabera.

Elizondoko (Nafarroa) Benito Menni osasun-mentaleko zentroan gaur bete dituzte lau aste greban. Hermanas Ospitalarias enpresak kudeatzen du egoitza, eta, Nafarroako Gobernuaren onespenarekin, hiru eraikinetako bat itxi du berriki, ematen duen zerbitzua eta 33 langile kaltetuz. 36 erabiltzaile birkokatu behar izan dituzte; eta aipatutako beharginek zuzeneko nahiz ezkutuko kaleratzeak, lanaldi aldaketak eta funtzio aldaketak jasan dituzte, ELA sindikatuaren esanetan. Horregatik jo zuen grebara plantillak, "lan-baldintza duinen" eta kalitatezko zerbitzu baten defentsan. Elkarretaratze bat egingo dute gaur, 19:00etan Elizondoko plaza nagusian.

Tolosako (Gipuzkoa) hiltegiko beharginek, bestalde, bi astetik gora daramatzate greban: itxita jarraitzen du lantegiak, plantilla osoa batu baita grebara. Izan ere, hiru hilabete dira euren soldata kobratzen ez dutela. Hiltegia kudeatzen duen Industrias Cárnicas del Oria enpresari exijitu diote zor dien dirua ordain diezaiela, eta Tolosaldeko Mankomunitateari, berriz, zerbitzuaren kargu egin dadila eta publifikatu dezala, publikoa baita ematen duten zerbitzua. Joan den asteartean, elkarretaratze bat egin zuten langileek Tolosako udaletxe aurrean.

Gasteizen (Araba) parkeetako eta gune berdeetako lorezaintzaz arduratzen diren langileak ere borrokan ari dira, euren lan-baldintzen alde. Gasteizko Udalak azpikontratatutako Enviser enpresarentzat jarduten dute soldatapean, eta hitzarmen propio bat eskatzen dute, soldata-hobekuntzak bermatu ahal izateko. Urtea hasi zenetik, beharginek hainbat mobilizazio egin dituzte itun propio bat exijitzeko, salatu baitute ikaragarri baxuak direla euren soldatak: ezarritako gutxieneko soldatatik gertu daude. Enviser enpresaz gain, udala seinalatu dute erantzule modura, eta greba mugagabea hasiko dute martxoaren 26an.

Militar ohia da Bidarten langile bat bahitu zuen gizona
Katana bat eta sable bat hartuta sartu zen gazta-denda batera, eta dendaria bahitu zuen. Badirudi buruko nahasmenduak zituela, bere ibilbide militarra dela-eta.