AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Greban jarraitzen dute garraiolariek

Astelehenean ekin zioten grebari eta, nagusiki, gidari autonomoek egin dute bat deialdiarekin. Erregaien garestitzeak sektorean izan duen eragina azpimarratu dute protestetan; Iruñean, esaterako, 300 ibilgailu inguruk oztopatu zuten trafikoa atzo.

Garraioaren Sektorearen Defentsarako Plataformak greba mugagabera deitu zituen garraiolariak aste honen hasierarako, Espainiako Estatu mailan. Besteak beste, salatu zuten erregaien garestitzeak gogor kolpatu duela sektorea, eta une honetan, lanera joatea ez dela errentagarria haientzat. Azaldu zuten, gainera, garraio-enpresen %90 daudela porrot-egoeran, eta "onartezinak" direla garraiolari gehienek jasan behar dituzten lan-baldintzak.

Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agentziako Ministerioari hainbat eskaera egin zizkieten aurretik; besteak beste, garraiolarien lanetik eratortzen diren lan-gaixotasunak aitortzea, atseden-guneetan segurtasun-neurriak hobetzea, errepide bidezko salgaien garraio-zerbitzuak ustiapen-kostuen azpitik kontratatzea debekatzea, edota garraiolarien lana arrisku handikoa dela aitortuta geratzea eta, modu horretan, erretiro-adina 60 urtean kokatzea.

Ministerioak, baina, ez ditu eskaera horiek onartu; erregaien garestitze ikaragarriarekin are gehiago larriagotu da egoera eta, hala, grebara deitu dute garraiolariek. Patronal handiek ez dute bat egin deialdiarekin.

Hego Euskal Herrian ere astelehenean ekin zieten lanuzteei beharginek eta, batez ere, autonomoak batu dira protestetara. Berria-ren arabera, "enpresa handietan normal egin zuten lan".

Momentuz bi elkartek babestu dute greba deialdia Hego Euskal Herrian; hain justu, Hiru sindikatuak eta Tradisna Nafarroako elkarteak —kide gehienak autonomoak eta enpresa txikietakoak dira—. Atzo, dena den, Bilboko (Bizkaia) TransportBilbaoko kide askok jo zuten grebara; Bilboko portuko garraiolari autonomoak dira nagusiki.


Bi asteko greba hasi dute ISNNko langileek
Volkswagenek azpikontratatuta dauka ISN taldeko enpresa eta 40 behargin barne hartzen ditu. Langile horien ordainsaria ez da 1.000 eurora iristen, eta ABEE bat "pairatu dute osagarririk gabe"; hala, soldata igoeraren zein lan-hitzarmen berri baten alde egingo dute greba.